Uxue Palacios egunak zenbatzen ari da Austrian, Kapplen, Munduko Freeride Txapelketa jokatzeko. Laudioarrak aitortu du epemuga jarri izanak ez duela lasaitu: "Datak jakinda ez nago lasaiago. Alderantziz: konturatu naiz oso gertu dagoela eta ziurgabetasunak agertu zaizkit".
Urduritasuna esperientzia berria izaten ari da eskiatzailearentzat: "Pentsatzen nuen ez nintzela urduri jarriko. Azken finean, beste proba baten modukoa baitzen, pixka bat serioagoa agian… bueno, ezta hori ere. Baina egia da urduri nagoela, eta nire onena eman nahi izateak eta egiten ari naizen lan guztia erakutsi nahi izateak presioa sentiarazten didala".
Edonola ere, kirolariak ez du burua galdu: "Presio hau izanda ere, lasai nago, disfrutatzeko eta esperientzia bakar hau bizitzeko mentalitatearekin noalako. Gainera, ulertzen dut sentsazio honek esan nahi duela benetan garrantzitsua dela niretzat, helburu handi bat dudala eta gogor ari naizela lanean, eta horrek indarra ematen dit".
"Presio hau izanda ere, lasai nago, disfrutatzeko eta esperientzia bakar hau bizitzeko mentalitatearekin noalako"
Prestaketa gogorra
Palaciosek lan handiarekin ari die erantzuten azken aste hauei eta aspaldi hasi zuen prestaketa fisiko handia: "Munduko Txapelketaren eta eski denboraldiaren aurretik hasi zen, duela 3 hilabete inguru. Astean sei egun entrenatzen dut, eta beste egun bat atseden aktiboa izaten da. Nortrain taldearekin prestaketa fisikoa txandakatzen dut, astean bi crossfit klase egitearekin White Grizzly taldearekin... honi guztiari nire zaletasunak ere gehitzen dizkiot (eskalatzea, zaldiz ibiltzea, mendira joatea…). Izan ere, uste dut prozesuaren zati handia eta helburuetara iristeko modu osasuntsua disfrutatzea eta orekatzea dela. Eta une honetan fisikoki nahiko sendo sentitzen naiz, baina oraindik lana geratzen zaigu!".
Helburua: gozatzea
Ahalegin izugarria egiten ari bada ere, Uxue Palaciosek argitu du bi xede nagusi dituela: "Alde batetik, nire onena ematea eta ahalik eta posturik onena lortzen saiatzea, eta podiumean bada, are hobe. Bestetik, disfrutatzea, aukera ahalik eta gehien aprobetxatzea: munduko jende berria ezagutzea, asko ikastea, gozatzeko aukera izatea…".