Senide eta lagunez inguraturik jaso zuen atzo Jon Riverak bere ibilbide osoaren aitortza omenaldia. Gimnasta laudioarrak Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa irabazi du aurten Junior kategorian eta, horren ondorioz, Espainiako estatuko 14 onenen artean lehiatzera pasa da.
Dena den, lorpen zehatz hori baino, bere ibilbide osoan zehar izan duen garapen eta jarraikortasuna goraipatu zuten atzo Lamuza parkeko Kasinoan eginiko ekitaldian. Amurrioko Aresketa klubean hasi zuen Riverak bere ibilbidea, eta talde horretako kideak ere presente egon ziren atzoko zitan. Dantza pieza laburra eskaini zioten Riverari, eta Izaskun Alonso ilustratzaileak osatutako koadroa jaso zuen gero. Horrez gain, oroigarri txiki bat eman zioten baita gimnasta gaztearen ibilbideak bidelagun izan ziren hainbat pertsonari ere.