Ikasenpresa Azokaren V. edizioa ospatuko dute datorren otsailaren 11n Laudioalde ikastetxeko ikasleek. Aurreko edizioetan egin bezala, ikasturtean garatutako proiektuak aurkeztuko dituzte Lanbide Heziketa zentroko goi eta erdi mailako zikloetako bigarren urteko ikasleek.
Ikasgaietan jasotako formazio eta ezagutza guztiak negozio-ideia bilakatu dituzte. Enpresa txiki bat zerotik sortu eta garatu dute horretarako, eta beharrezkoak diren baliabideak ekoiztu.
Otsailaren 11ko erakusketa 10:05ean hasiko dute eta eguerdira arte luzatuko da. Ikasleek bertatik bertara emango dituzte sortutako enpresa eta ideien nondik norakoak. Gainera, ideia ekintzailerik onenak saria jasoko du. Aiaraldea Komunikabidea Ikasenpresa Azokaren III. edizioan izan zen, eta argazki galeria batean bildu zituen ikasleen lanak.