Okupazioaren eta segurtasunaren auziak jarri ditu EAJk mahai gainean berriz ere

Txabi Alvarado Bañares 2026ko urtarrilaren 28a

EAJko udal taldeko kideak. / EAJ

Udal gobernuaren “pasibotasuna” salatu du alderdi jeltzaleak, okupatutako eraikinetako batzuk publikoak direla nabarmenduta. 

“Erantzun legal eta soziala” eskatu du Laudioko EAJk okupazioaren eta segurtasunaren auziei erantzuteko. Alderdi jeltzaleak asteleheneko udal osoko bilkuran atera zuen gaia, erregu eta galderen puntuan. 

Oposizioko taldearen hitzetan, Laudioko hainbat espazio daude okupatuta, “udal titulartasunekoak zein pribatuak, batzuk bizileku gisa erabiliak eta beste batzuk beste helburu batzuekin”.

Horren aurrean, Udalak emandako erantzuna jarri zuten zalantzan jeltzaleek. Izan ere, nabarmendu zutenez, Udala, “eta bereziki Ainize Gastaka alkatea”, legez daude derrigortuta udalaren ondasun eta eskubideak defendatzera.

Gauzak hala, okupatutako eraikin publikoak berreskuratzeko abiatutako prozeduren inguruan galdetu zuen Ander Añibarro zinegotziak asteleheneko bilkuran, aurretik egin bezala. 

Alkatearen erantzuna

Ainize Gastakak berak erantzun zion ordezkari jeltzaleari udal osoko bilkuran. Alkateak azaldu zuen okupazioren gaia “bereziki sensiblea” dela, kale egoeran edo infraetxetan bizi diren pertsonen errealitateari erantzuten diolako.

Halaber, auzia hurrengo batzordeetan landuko dutela iragarri zuen. Dena dela, EAJren galdera zehatzari erantzunez, Gastakak adierazi zuen momentuz ez dela salaketa tramitazioekin aurrera jarraitu okupatutako eraikin publikoen kasuetan, “berezitasun juridikoak” daudela argudiatuta. 

EAJren hitzetan, Laudioko hainbat espazio daude okupatuta, “udal titulartasunekoak zein pribatuak, batzuk bizileku gisa erabiliak eta beste batzuk beste helburu batzuekin”.

Gaur komunikabideei bidalitako oharrean, EAJ ados azaldu da egoera sozial konplexuak daudelaren ideiarekin, baina aldarrikatu du erantzunak “bikoitza” izan behar duela: “Alde batetik, legala, indarrean dagoen araudiak eskatzen duen bezala, eta, bestetik, soziala”.

Horri lotuta, jeltzaleek nabarmendu dute "legez kanpoko okupazioa ezin dela irtenbide gisa onartu, ezta esparru politikotik normalizatu ere". Gauzak hala, “beharrezkoak diren baliabide sozialak aktibatzea” eskatu dute, baina baita “ekintza legalak” abiatzea ere, “Laudioko herritar guztiena den udal ondarea berreskuratzeko”.

Segurtasuna hizpide

Okupazioaren gaiaz gain, segurtasunarena ere atera zuten jeltzaleek udalbatzan. Udaltzain kopurua handitzeko neurririk hartu den galdetu zioten udal gobernuari, eta “sare sozialetan agertutako argitalpen bat” ere deitoratu zuten.

Añibarrok azaldu zuenez, argitalpen horretan aditzera ematen zen auzo batzar batean “errespetu faltak” egon zirela bertan egon ziren udaltzainekiko, “zapaltzaile” deitu zitzaielako, beste gauza batzuen artean. Hori “oso larria” dela uste du zinegotzi jeltzaleak, eta neurriak hartzea eskatu zion Udalari asteleheneko bilkuran. 

Sare sozialeran agertutako udaltzainen aurkako argitalpen bat ere deitoratu dute jeltzaleek, eta horren aurkako neurriak hartzea eskatu diote Udalari. 

Jeltzaleek ez zuten zehaztu sare sozialetako zein argitalpeni egiten zioten erreferentzia, baina litekeena da Aretako Gazte Asanbladak bere garaian eginiko argitalpen batean egotea jatorria.

Gazte eragile horrek abenduan salatu zuen Udalak udaltzaingoa gonbidatu zuela auzo batzarretan parte hartzera, “aitzakia arrazista baten pean”.

Hain zuzen, udaltzainak azaroa eta abenduan egin ziren batzar guztietan egon ziren, segurtasunaren gaiaren inguruan herritarren partez sortu ahal ziren kexa eta galderei erantzuteko. 

Gazte Asanbladako kideen ustez, “auzo batzar batean polizia bezalako indar errepresiboak egotea antolakuntza asanblearioaren eta auzoaren aurkako eraso zuzena da”. Gauzak hala, “polizia espazio kolektiboetatik” botatzeko eskatu zioten tokiko erakundeari. 

Gertakizun horretatik harago, estrategia integral baten eta erabaki argien beharra jarri du Añibarrok mahai gainean, segurtasunari dagokionez. "Laudiok bere erantzukizunak bere gain hartuko dituen, zorrotz jokatuko duen eta legea beteko duen Udal bat behar du, aitzakiarik eta kontraesanik gabe", amaitu zuen Añibarrok.

Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak erantzun zion jeltzaleen eskakizun horri. Udal gobernuko kideak nabarmendu zuen udal osoko bilkura horretan bertan bozkatu zirela Udaltzaingoaren egoeran eragina zuten neurri batzuk, eta EAJk aurka bozkatu zuela. Horrez gain, iragarri zuen neurri gehiago prestatzen ari direla, eta laster emango dutela horren berri. 

Hemen ikus daiteke asteleheneko Udal Osoko Bilkura osorik (56. minututik aurrera entzun daiteke Ander Añibarroren hitzartzea eta udal gobernuko kideen erantzuna): 

Honako hau ez da EAJk segurtasunaren eta okupazioaren gaiak mahai gainean jartzen dituen lehen aldia. Azaroan baliabide polizial gehiago eskatu zituzten jeltzaleek, auzi berdinei erantzuna emateko. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide