Azken 10 urteetako kontratazioen kanpo auditoretza egingo du Laudioko Udalak, dituen "arazo estrukturalak" bideratzeko

Txabi Alvarado Bañares 2026ko otsailaren 23a

Ainize Gastaka Martinez alkateak eta Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak eskaini dute prentsaurrekoa. / Aiaraldea.eus

Udal gobernuak aitortu du Udalekuen kontrataziokoa ez dela "akats" bakarra izan, azken Gabonetako programazioko zenbait kontratazio ere ez zirelako "behar bezala egin". 

Azken 10 urteetan egin dituen kontratazioen kanpo auditoretza agindu du Laudioko Udalak. Hala jakinarazi dute udal gobernuko kideek gaur eguerdian eginiko prentsaurrekoan. Modu horretan, aurre hartu nahi izan diote arratsalde honetako Udal Osoko Bilkuran seguraski egongo den eztabaidari. Izan ere, mozioa aurkeztuko dute bertan EAJ eta PSE-EEren udal taldeek, "Kontratazio legal, etiko eta garden baten alde", Udalekuen kontratazioarekin gertatutako irregulartasunak direla eta. 

Gai horri helduz, Udal gobernuko kideek aitortu dute Udalekuen kontratazioa ez dela izan egin duten "akats" bakarra. "Barne azterketa baten ondorioz egiaztatu dugu 2025-2026ko Gabonetako programazioan ere hainbat kontratazio ez zirela behar bezala egin. Horretan ere autokritika egin behar dugu, eta ez dugu beldurrik”, adierazi du Ainize Gastaka Martinezek.

Alkatearen aburuz, "arazo estrukturalak" ditu tokiko erakundeak kontratazioak aurrera eramateko orduan, "legegintzaldiak eta kolore ezberdinetako gobernu taldeak gainditzen dituztenak". Horiek detektatu eta konpontzeko egin nahi dute auditoretza, Gastakaren esanetan. 

"Arazo estrukturalak daude etxe honetan eta konpondu behar dira; ez gara sartuko ‘eta zuk gehiago’ gerra batean"

Arazo estruktural horien nolakotasunaz galdetuta, Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak azaldu du Udala ez dela 2018an indarrean jarritako kontratu publikoen lege berrira behar bezala egokitu, besteak beste. "Udaletxean aspaldidanik dauden gabezia estrukturalek kontratazioaren kudeaketa zailtzen dute. Urteak igaro arren, kontratua amaituta duten hainbat zerbitzu ordaintzen jarraitzen da, eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu kontratazio berriak garaiz eta behar bezala egiteko", gaineratu du Gastakak. 

Dena den, gaineratu dute helburua ez dela "irudiari eustea edo presio politikoei erantzutea". Alkateak azpimarratu duenez, ez dute egoera hau "arma politiko" bilakatu nahi. "Arazo estrukturalak daude etxe honetan eta konpondu behar dira; ez gara sartuko ‘eta zuk gehiago’ gerra batean. Horregatik, Laudioko Udaleko Etika eta Gobernu Onaren Batzordea deituko dugu, eta azken 10 urteetako kontratuen auditoretza eskatuko dugu. Ikerketa horretatik ondorioztatzen diren neurriak ezarriko ditugu, behingoz egoerari buelta emateko”, azaldu du gobernuburuak. 

Bukatzeko, Gastakak aipatu du oposizioak hainbat aldiz leporatu diela "kudeaketa txarra eta informazioa ez ematea", baina Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak kontrako iritzia plazaratu duela, EAJk aurkeztutako kexari erantzunez. "Horrek adierazten du udalak borondatea duela eskatutako informazioa helarazteko. Horrek suposatzen duen ahalegina aintzatetsi behar da”, nabarmendu du. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide