Maderas de Llodioko lan gatazkan aurrez aurre dauden bi aldeek Espainiako Auzitegi Gorenera joko dutela iragarri zuten atzo. Alde batetik, Garnicak kaleratze kolektiboa zein ekoizpen aldaketa onartzea espero du. Bestetik, sindikatuak kaleratze nuluak lortzeko borrokatuko dira.
Izan ere, Florentino Eguaras Mendiri, Maite Alejandro Aranzamendi eta Juan Carlos Benito Butron Ochoa magistratuek ez zituzten anulazioaren argudioak onartu eta kaleratzeak bidegabetzat jo zituzten soilik, baina epaian jasotako ondorioak indartsuak dira eta Garnicaren jarduteko modua zalantzan jarri dituzte goitik behera. Hala ondorioztatu ahal izan du Aiaraldea Komunikabideak epaia irakurrita.
Arrazoirik ez Laudioko lantegiari egiturazko arazoak leporatzeko
Epaileek oso modu gardenean adierazi dute otsailaren 13ko erabakian Garnicak ez duela dokumentaziorik eskaini kaleratzeak eta ekoizpen aldaketa beharrezkoak direla frogatzeko. Hain zuzen, magistratuen ondorioa da baliatutako agiriak (kalkuluak, informazioak, memoriak) ezin direla kontrastatu eta ez dutela justifikatzen alde sozialean ezarri nahi duten sakrifizioa, hau da, kaleratzeak. Izan ere, ez da egiaztatu emaitzen kontuan inolako defizit ekonomikorik.
Epaileek argi adierazi dute euren erabakian Garnicak ez duela frogatu Maderas de Llodion egitura arazorik dagoenik kaleratzeak egiteko.
Hori azaltzeko, magistratuek azpimarratu dute aurkeztutako kontabilitatea ez dagoela kanpotik ikuskatuta eta ez duela modu fidagarrian frogatzen zeintzuk diren Maderas de Llodioko ekoizpen kostuak eta zeintzuk Errioxakoak. Eta ez hori bakarrik, ez dute onartzen ustezko egitura arazoak neurri horiekin konponduko direnik.
Epaiaren 22. eta 23. orrialdetan ondorioztatu dute Maderas de Llodioko ekoizpena beste Errioxako lantegietara bidaltzea ez duela zertan eraginkorra izan: "Ez da frogatu produkzioa hobeto egingo denik kostuen, baliabideen eta antolakuntzaren aldetik, enpresak berak adierazi dituen nahietatik harago".
Are gehiago, enpresak dituen gabezi estrukturalak azaltzeko, epaileek erantsi dute badaudela kostu finantzarioak. Kostu horiek erabaki historikoen emaitza dira eta Garnica taldeari eta bere zuzendaritzari egotzi behar zaiela uste dute magistratuek.
Lan Ikuskaritzak kale
Aurrekoa aintzat hartuta, epaileek zalantzan jarri dute Lan Ikuskaritzak egindako txostena, kaleratzeak babestu baititu. Izan ere, magistratuek adierazi dute kontabilitate analitikoa erabat asimetrikoa dela Laudio eta Errioxako lantegien jarduera alderatzeko orduan. "Lan indarraren desoreka, lan zama eta kaleratze kolektiboen justifikazioa" abiapuntua objektiboak ez diren datuetan oinarrituta dago, epaiaren iritziz.
Magistratuek zalantzan jarri dute Laudion produkzioa murriztea eta langileak botatzea ustezko arazoa konpontzeko eraginkorra izango denik.
Horretarako, aldagai asko kontuan hartu ez izana leporatzen diote enpresari, besteak beste, garraio gastuak edota produktu eta tratamendu ezberdinak alderatzea.
Kontratxapatuaren kostua behera
Garnicak argudiatzen dituen antolakuntza oztopoak azalduta ez daudela azpimarratzeko, epaileek gogoratu dute kontratxapatuaren produkzio kostuak 2020tik 2023ra igo zirela, baina horren ostean jaitsi direla.
Horri gehitu diote gastu pertsonalek gora egin arren, energia eta horniketakoak murriztu direla, epaileek eurek nabarmendu duten moduan.
Ohar gisa, epaiak aipatu du ez dela arrazoi ekonomikorik argudiatzen neurri traumatikoak hartzeko, baina horrek ez lukeela zentzurik, 2023 eta 2024ko emaitzak ez baitziren negatiboak izan.
2025ean produkzioa gora Laudion, baina ez lan zama
Epaileek mahairatutako beste errealitate bat da Garnicako jarduera handitu zela 2025ean eta hori ez dela Laudion islatu. Izan ere, Maderas de Llodioko lan zamak gutxira jo zuen. Magistratuek adierazi dute zuzendaritzaren erabakien ondorioz izan zela hori, eurek banatzen baitute lana, eta eskarien zorroa areagotu egin zelako 2025eko urrian eta azaroan.
Epaiak modu gardenean iradoki du Maderas de Llodioko lan zamaren murrizketa ez dela merkatuaren kontua, baizik eta zuzendaritzaren erabakia kaleratze kolektiboa justifikatzeko.
Bilboko epaitegiak zalantzaren itzala proiektatzen du espreski eta iradokitzen du azaroko eskarien gorakada eta Maderas de Llodioko lan zamaren jaitsiera enpresaren azpijokoa izan daitezkeela, kaleratzeak justifikatzeko.
Ondorioz, epaileen iritzia argia izan da: Garnicak ez du objetiboki frogatu abiapuntutzat hartzen duen egoera eta horregatik kaleratzeak ez dira "ez arrazoizkoak, ez proportziozkoak".