Araba, lehen alaba dokumentala ikusteko aukera egongo da bihar, hilak 6, Faktorian. 67-89 urte bitarteko pertsonei egindako elkarrizketetan dago oinarritua proiektua eta Arabako euskararen historia eta bertako errealitate anitzak ditu ardatz.
Ainara Rac eta Mikel Sanchezen dokumentalak bidaia bat proposatzen du Arabako zazpi kuadrilletatik. Bidaia horretan zehar, lurralde historiko horretako nortasuna, kultura eta hizkuntzaren historia eta ondarea izango dira hizpide, kuadrilla bakoitzeko protagonista baten bizipenetatik abiatuta. Aiaraldeari dagokionez, Bego Cosgaya laudioarra ikusi ahal izango dugu pantailan.
Egileek azaldu dutenez, proiektu hau Araba bere osotasunean irudikatzea helburu duen trilogia baten lehen dokumentala da. Bigarren zatia sortze bidean dago eta Trebiñuko Konderriak euskararen testuinguruan duen nortasun eta kosmologia propioan oinarrituko da.
Irailean estreinatu zen Araba, lehen alaba Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean eta geroztik harrera beroa jasotzen ari da proiektatu den hainbat herritan. Bihar helduko da Faktoriara arratsaldeko zazpitan, doan.