Larrazabalgo auzokideek gora jotzeko helegitea prestatu dute Eusko Jaurlaritzako Industria Sailera bideratzeko. Laudioarren helburua da Ferosca I zentral eolikoak lortu duen baimenaren kontra egitea. Berez, horrekin bakarrik ezin dute aurrera egin eraikuntza hasteko, baina neurri hori hartzea erabaki dute eta arrazoiak azalduko dituzte larunbatean 12:00etan San Joan baselizan.
Antolatzaileek azpimarratu dute garrantzitsua dela ahalik eta jende gehien egotea bileran, proiektuaren nondik norakoak deskribatuko baitituzte eta ekarpenak jasotzeko prest daude.
Aipatu beharra dago egitasmoak sei aerosorgailu zituela hasieran, baina hiru atzera bota dituela Eusko Jaurlaritzak.
Alde administratiboa ez ezik, auzotarrek, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak eta Laudioko eta Aiarako Udalek egindakoa ere aipatuko dute.
Batzarraren sustatzaileek argitu diote Aiaraldea Komunikabideari tokiko alderdietako ordezkariak gonbidatu dituztela, baina ez dakitela parte hartuko duten.