Epaileak erruduntzat jo du Renfe Gardeako tren geltokian gertatutako harrapaketa eta heriotzagatik

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 30a

Gardeako tren geltokian gertatu zen heriotza. / Aiaraldea.eus

Hildako emakumearen familiari arrazoi osoa eman dio epaileak eta ukatu du istripua biktimaren errua izatea. Epaileak agerian utzi du segurtasun neurrien falta.

Francisco Javier Pablo Pablo epaileak Renfe enpresa publikoa zigortu du 2022ko abenduaren 13an Gardeako tren geltokian gertatutako heriotzagatik. Izan ere, duela hiru urte baino gehiago Renfe Aldiriko zerbitzuko tren batek, probetan zegoena, Urduñako 82 urteko emakumezko bat harrapatu eta hil zuen. Berez, konpainiak 25.401,59 euro ordaindu beharko dizkio familiari.

Edonola ere, senideek azpimarratu dute dirua ez dela garrantzitsua, baizik eta erakutsi dutela azpiegitura arriskutsua dela eta neurriak hartu behar dituztela, ez dadin berriro ezbeharrik gertatu. 

Epai irmoa

Otsailaren 13an argitaratu zuten epaiketaren emaitza eta jadanik irmoa da, Renfek ez baitu helegiterik aurkeztu. Gauzak horrela, konpainiak onartu du ardura guztia, epaian jaso bezala. Izan ere, epaileak alboratu ditu enpresak erabilitako argudio guztiak eta familiari eman dio arrazoi osoa.

Otsailaren 13an argitaratu zuten epaiketaren emaitza eta jadanik irmoa da, Renfek ez baitu helegiterik aurkeztu.

Istripua ez zen emakumearen errua izan

Francisco Javier Pablo Pablo epailearen erabakiak begien bistan utzi du Gardeako tren geltokiak ez dituela behar besteko segurtasun neurriak istripuak ekiditeko eta gertatu zena ez zela hildako emakumearen ardura izan. Hori baitzen Renferen argudio nagusietako bat. Kontrara, epaiak azaldu du emakumearen portaera zentzuduna eta arrunta izan zela.

Lekuko baten hitzak, erabakigarriak

Renfek baliatutako argudio nagusiak errua biktimari egozteko izan ziren tren gidariek abisu seinale akustikoak egin zituztela eta geltokiak ere bazituela soinu abisuak. Epaileak, ordea, uste du ez zela ez bata ez bestea gertatu.

Hasteko, eta lekuko baten adierazpenak aintzat hartuta, trenak ez zuen txistua jo eta abiadura murriztu (gidariek esan bezala), eta soilik erabili zuen larrialdiko balazta, behin talka ekidiezina zenean.

Lekukoak ere ukatu du geltokiko megafoniak prebentzio mezurik zabadu izana eta, nahiz eta Renfeko erregistroek azaldu zuten une horietan soinu abisua entzun zela geltokian, Ertzaintzak berak agerian utzi zuen erregistroaren orduak eta geltokikoa ez daudela sinkronizaturik, 28 segundoko tartea baitago batzuen eta besteen artean.

Zer gertatu zen?

Epaian jasotzen denaren arabera, 2022ko abenduaren 13an, Urduñako 82 urteko emakumea tren geltokiko burdinbidea zeharkatzear zegoela, Bartzelonatik Bilbora zihoan merkantzia tren bat Gardeatik igaro zen, 1. trenbidetik. Emakumezkoak itxaro zuen eta behin hori pasata, trenbidea zeharkatzeari ekin zio. Orduan 2. trenbidetik agertu zen Renfe Aldiriko probazko tren bat eta harrapatu zuen.

Epaileak, lekukoaren hitzak jasota, adierazi du biktimak segurtasun neurri guztiak hartu zituela ikusgarritasuna izan zuen bitartean. Edonola ere, 2. trenbidetik etortzen zen trena sumatzeko modurik ez zuen izan, istripua gertatu arte, 1. trenbidetik igarotzen zen unitateak estaltzen zuelako beste unitatea.

Horrez gain, epaileak argitu du tren geltokian dagoen bihurguneagatik eta merkantzia trenaren presentziagatik, harrapaketa izan zuen makinaren gidariek ezin zutela emakumezkoa ikusi beranduegi izan arte.

Azkenik, epaileak ondorioztatu du dauden prebentzio sistemak ez direla nahikoa eta, gainera, Renfek ez duela frogatu funtzionatu zutenik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide