Gaur 11:47an Renfeko aldiriko zerbitzuko tren batek pertsona bat harrapatu eta hil du Gardean, Santa Kurutzeko geltokitik gertu.
Laudioko Udalak jakinarazi duenez, hildakoa 85 urteko emakume bat da, Urduñako bizilaguna. Hau da zehazki tokiko erakundeak azaldu duena: "Andrea taka-takarekin eta erosketarekin zebilen, eta trenbidetik igarotzen ari zen geldirik zegoen tren batek ikusmena oztopatu dionean. Ondoko trenbidetik beste trena pasatu da eta 4 aldiz jo du klaxona. Ezin izan da gelditu eta emakumea harrapatu du".
Harrapaketak eragina izan du garraio zerbitzuan eta tren kopurua murriztu da. Laudio eta Urduña arteko tren zerbitzua etenda egon da, baina indarrean dago berriz.
Harrapaketak C-3 linean
Gaurkoa ez da trenek Aiaraldean egin duten lehen harrapaketa. Azken hamarkadan zenbait pertsona hil dira C-3 linean gertatutako ezbeharretan.
Aretan 2016an jazotakoa da kasurik entzutetsuenetako bat, eta antzekotasun handiak ditu gaur gertatutakoarekin. Tren batek bertako pasabidea zeharkatzen ari zen neska bat harrapatu zuen.
Kasu horretan ere, geldirik zegoen tren batek oztopatu zuen gaztearen begirada. Bere gurasoek sinadura bilketa abiatu zuten orduan, trenbide gainetik doazen pasabideen desagerpena eskatzeko. Espainiako Sustapen Ministroarekin biltzera iritsi ziren, eta Aretako geltokiak jada badu lur-azpiko pasabidea. Horrez gain, hainbat moldaketa egin dituzte geltokietako abisuetan, beste trenbideetatik trenak igaro daitezkeela gogorarazteko.
Hala ere, oraindik badaude geltoki batzuk zeintzuetatik trenbide gainetik joan behar den nasa batetik bestera igarotzeko. Gardeakoa da horietako bat.