Jende ugarik zekien jada, eta Eusko Jaurlaritzako zein Arabako Foru Aldundiko ordezkariek ere gaiari lotutako hainbat titular eman dituzte azken egunetan Vocento taldeari eskainitako elkarrizketetan, eta gaur filtratu du albistea hedabide-talde horrek: VSF eta Gaviota enpresak dabiltza Glavista eta Guardian berrirekitzeko asmotan. Iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari berretsi diote informazio hori egiazkoa dela, baina zuhurtziaz jokatu behar dela nabarmendu dute, akordioa ixteke dagoelako oraindik, eta ez litzatekeelako Guardianek azken unean atzera egiten duen lehen aldia izango.
Hainbat hilabetez luzatu dira negoziazioak, eta Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak zein sindikatuek hartu dute parte, inplikatutako enpresa guztiekin batera, Guardian barne.
Vitro Service France (VSF) autoentzako beira ekoizten duen enpresa frantsesa da. Gaviota, aldiz, Alacanteko konpainia da, eta etxebizitzetarako beira ekoizten duen sail bat dauka. Biak dira konpainia handiak. Gaviotak 260 milioi euro fakturatu zituen iaz, eta Stoneshield Capital inbertsio-funtsak erosi zuen ekainean. VSF, aldiz, Frantziako liderra da bere sektorean.
Hainbat hilabetez luzatu dira negoziazioak, eta Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak zein sindikatuek hartu dute parte, inplikatutako enpresa guztiekin batera, Guardian barne.
Javier Garcia Marquez, berriro ere
Bi enpresa horiekin batera, Javier Garcia Marquez enpresari bizkaitarra sartu da operazioan, Amine enpresaren bidez. 2022ko otsailaren 23an sortu zuen Garciak konpainia hori, Glavista erosteko eskaintza egin zuenean. Proiektu hori, baina, ezerezean geratu zen azken unean, Guardianek uko egin ziolako fabrikaren lurrak saltzeari. Gauzak hala, enpresari bizkaitarraren bigarren saiakera izango da honakoa. Horregatik, hain zuzen, eskatu dute zuhurtzia iturri sindikalek, albiste berri honen aurrean.
Labearen berraktibazioa
Operazioa ondo aterako balitz, Glavistaren berrirekiera eta Guardianen labearen berraktibazioa ekarriko lituzke. Horretarako, 70 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten dute inbertsoreek, lehen ekoizten zena baino "balio erantsi handiagoko beira" fabrikatzeko asmoarekin.
Modu horretan, beira epela edota laminatua egingo lituzke konpainia berriak, autoetako haizetakoak edota beira bikoitzeko leihoak eskaintzeko. Horrez gain, ekoizpen berriak "Europako karbono aztarna txikiena" izatea espero dute, labea bioerregaiekin edota hidrogenoarekin funtzionatzeko egon daitezkeen aukerak aztertuz.
Hala ere, proiektua modu gradualean joango litzateke garatzen, hainbat urtez eta, esan bezala, akordioa ixteke dago oraindik.
Operazioa ondo aterako balitz, Glavistaren berrirekiera eta Guardianen labearen berraktibazioa ekarriko lituzke. Horretarako, 70 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten dute inbertsoreek.
Glavista erosteko bigarren saiakera
Javier Garcia Marquez inbertsore getxoztarrak zuzenbidea ikasi zuen eta Guardian taldeko zuzendaritzan aritu zen enpresa hori Koch Industries erraldoiaren eskuetara iritsi baino lehen. Hartzekodunen lehiaketan sartu zenean saiatu zen Glavista erosten. 2023ko udan izan zen hori, baina Guardinek uko egin zionez lursailak saltzeari, operazioa ez zen gauzatu azkenean.
Azkenean, Glavista itxi zuten, 240 langile kaleratu zituzten eta oraindik amaitu ez den ibilbide luzea hasi zen epaitegietan, argitzeko iruzurra egon oten zen konpainiaren porrotaren muinean.
Guardianetik Parter Capitalera eta gero amildegira
Glavista enpresa 2023ko urtarrilean sartu zen hartzekodunen aurrelehiaketan. Edonola ere, bere erorketa 2020an hasi zen, Guardianek Parter Capital funtsari saldu zionean. Entitate finantzario suitzarrak haizetakoen fabrika hiltzen utzi zuen eta 2023an ixteari ekin zion.
Sufrikario judizialaren hasiera ekarri zuen horrek. Lehenik eta behin, hartzedunen lehiaketa, eta bestetik, enplegua erregulatzeko espedientea. Gertakariak hain korapilatuak izan ziren, gaia auzitegietan jarraitzen duela oraindik.
Akordiorik gabe amaitu zen espedientearen kontsulta fasea, eta 2024ko uztailean atera zen epailearen ebazpena: Gasteizko merkataritza arloko epaitegiak arrazoia eman zien Autoglas-Glavistako langileei eta adierazi zuen bidegabea zela behargin guztiak kaleratzeko enplegua erregulatzeko espedientea.
Glavista berrirekitzeko Javier Garcia Marquez enpresari getxoztarraren bigarren saiakera izango da honakoa.
Baina hor ez zen amaitu epaitegietako prozesua. ELAk Guardian eta Parter Capitalen aurka salaketa abiatu zuen hartzekodunen lehiaketaren kalifikazioan.
Horrez gain, maiatzaren 2025ean sindikatuak salaketa penala aurkeztu zuen Amurrioko Instrukzio Epaitegian Guardian Europako lehendakariordearen eta gai juridikoetako arduradunaren aurka, Autoglas-Glavista enpresan izandako gertakariengatik. ELAren ustez, Autoglas-Glavistaren salmenta operazio "orkestratuta" izan zen, eta "simulatuta", enpresa hondoratzeko. Hori dela eta, sindikatuaren aburuz, administrazio desleialeko delitu bat egon zen, baita kaudimengabezia zigorgarriko delitu bat ere.
Arabako Fiskaltzak administrazio desleiala eta kaudimengabezia delituak egon izanaren zantzuak identifikatu zituen Glavistaren salmenta prozesuan. Zehazki, Guus Boekhoudt Guardian Europako lehendakariordea seinalatu zuen fiskaltzak operazioaren erantzule gisa. Fidel Cadena fiskalak osatutako testuaren arabera, Guardianeko kudeatzaileek autogintzara bideratutako jarduera-adarraren salmenta simulatu nahi izan zuten, multinazionala Glavistaren itxieratik eta eratorritako ondorio ekonomiko, laboral eta zibiletatik urruntzeko.
Hori guztia gertatu eta gero, ekainean epaileek presioa biderkatu zuten Guardian eta Parter Capitalen kontra, Autoglas-Glavistako kaleratzeak bidegabeak izan zirela ebatzi baitzuen EAEko Auzitegi Nagusiak. Edonola ere, Madrilgo Auzitegi Gorenean helegitea jarri zuen Guardianek eta 18,5 milioi jarri behar izan zituen epaitegian.
Guardian hurrengoa
Behin Glavista itxita, langileek susmatzen zuten moduan, Guardian Llodioren itxiera izan zen hurrengo kolpea, 171 langile kaleratuta.
Dena dela, 2012an dauka jatorria Guardianen desindustrializazio prozesuak. Hain zuzen ere, 2012ko greba mugagabean kokatu dute askok enpresen itxieraren iturburua. Garai hartan, Glavista enpresaren ‘Autoglas’ fabrika Guardian taldearen esku zegoen, eta, ondorioz, Guardian Llodio fabrikako beste ekoizpen lerro bat zen.
Enpresa Batzordeko kideen hitzetan, Guardianek aspalditik zuen autoentzako haizetakoak ekoizteari uzteko asmoa, indarra “arkitekturara bideratutako beiran” jartzeko. Hori dela eta, 139 langile kaleratzeko erabakia hartu zuen talde estatubatuarrak 2012an.
60 egunez luzatu zen greba mugagabe bati esker kaleratzeak bertan behera uztea lortu zuten langileek, baina mamua ez zen desagertu. 2013. eta 2015. urteen artean Guardianek autoen sektorera bideratutako nazioarteko lantegi guztiak saldu zituen, Laudiokoa salbu. Azkenean, 2020an, 2012an kaleratze arriskuan egon ziren langile gehienak Parter Capitalen eskuetara pasa ziren, arestian azaldutako prozesu gorabeheratsu guztiari hasiera emanez.