Amaitu zuten bezala hasi dute urtea Autoglas-Glavistako langileek: euren egoera bideratzeko inolako itxaropenik gabe.
Abenduaren amaieran jakin zuten langileek enpresa bere gain hartzeko prest zegoen erosleak jada ez duela horretarako interesik, Guardianen aldetik ezezko bat bestearen atzetik jaso ostean. "Ez dago proiekturik eta ez dago Guardianekin elkarrizketak izateko biderik akordio batera iristeko", ohartarazi zuen ELAko sail sindikalak bere afiliatuei bidalitako ohar batean. Sindikatuaren aburuz, "muturrekoa" da egoera, denborak aurrera egiteak are zailagoa bilakatzen duelako egoera bideratzea.
Enplegua Erregulatzeko Espedienteak geldirik jarraitzen du
Gauzak hala, indarrean jarraitzen du Laudioko fabrikako 240 langileak kaleratzeko Enplegua Erregulatzeko Espedienteak, prozesuaren kontsulta-epeak geldirik jarraitzen duen arren. ELAren aburuz, Guardianek eta Parter Capitalek blokeatu dute prozesua, ez direlako epaitegiak eskatutako dokumentazioa ematen ari.
Guardianek helegitea jarri zuen epaileak multinazionala prozesuan sartzearen erabakiaren aurka. Horren aurrean, kalifikazio txosten bat egiten ari da ELA, “Guardian eta Parter Capital enpresen erruduntasuna eskatzeko”. Sindikatuaren ustez, urrats hori oso garrantzitsua izango litzateke, Autoglas-Glavistaren itxieraren erantzukizuna bi enpresa horien gain geratuko litzatekeelako eta, modu horretan, kalte ordainak emateko ardura hartu beharko luketelako, besteak beste.
Guardianek ez ditu epaileak eskatutako salmenta-kontratuak erraztu, Autoglas-Glavistaren zordun nagusia den arren, ELAk salatu duenez.
Horri lotuta, ELAko kideek nabarmendu dute epaileak Autoglas-Glavistaren salmentaren hiru kontratuetako bi eskatu dizkiola Guardiani eta honek hirugarrena baino ez duela eman, “zeinetan ez den ia ezer zehazten, lehen eta bigarren kontratuei erreferentzia egiten zaielako gehienbat”. Gauzak hala, sindikatuaren ustez, Guardian geroz eta argiago uzten ari da Autoglas-Glavistaren itxieran erantzukizun zuzena duela, ez duelako enpresaren erosketaren gaineko informaziorik ematen ari, nahiz eta berez, zordun nagusia izan- Kontuan hartu behar da multinazionalak beira kopuru handiekin hornitu duela Autoglas-Glavista azken urteetan, eta honek ez dio zor diona ordaindu. Hau da, berez, lehen interesatua izan beharko luke egoera argitzen.
Horrez gain, langileen ordezkariek berriz gogoratu dute Autoglas-Glavistaren beste zordun nagusietako bat Eusko Jaurlaritza dela, 2,5 milioi euro eman zizkiolako enpresari diru-laguntza formatuan. Gauzak hala, erakunde publikoak fabrika salbatzeko “arrazoi eta formula” nahiko dituela uste dute.
Mobilizazioak datorren astean
Aipatutako guztia medio, mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute sindikatuek, “lanpostuen defentsan borrokan” jarraitzen dutela gogorarazteko.
Bihar -astelehena- Bilboko Bizkaia plazara joko dute, SPRIren egoitzaren aurrean protesta egiteko, 10:03etatik 12.00etara bitartean. Erakunde publiko hori da, hain zuzen, Autoglas-Glavistari 2,5 milioi euro eman zizkiona.
Ostegunean, aldiz, elkarretaratzea egingo dute Guardianen sarreran 12:00etatik 13:30etara bitartean. Herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbita.