EH Bilduko zinegotzi baten dimisioa eskatu du Omniak. Oposizioko taldeak azaldu du zinegotzi horrek “modu oso aktiboan” parte hartu zuela iragan martxoaren 17ko greba orokorreko piketeetan, eta “oso larritzat” jo du hori.
Horri lotuta, alderdi laudioarrak nabarmendu du egun horretako piketeak ez zirela informatiboak izan, greba ez egitea erabaki zutenak “kikiltzera” bideratuak egon zirelako. Horregatik, greba egiteko eskubidearen barruan “greba ez egitekoa ere” dagoela aldarrikatu du Omniak.
Iragan asteleheneko Udal Osoko Bilkuran egin zuen Omniak dimisio eskaera, erregu eta galderen puntuan. Ainize Gastaka alkateak erantzun zuen erregua jaso eta baloratuko zela, argudiatuta hori ez zela unea “horrelako planteamendu handi bati erantzuteko”.
Omnia alderdi laudioarrak bat egin zuen martxoaren 17ko greba orokorrarekin, eta bat egin zuen baita Apill, Izan Amurrio eta Aemek plazaratutako irakurketarekin. Greba baino egun batzuk lehenago plazaratutako komunikatu horretan, hiru merkatari elkarteek aipatu zuten “eskualdeko hirugarren sektorearen gehiengoa” batuko zela lanuztera, baina "errespetua" eskatu zuten "negozioa irekita izatea" erabakitzen zuten horientzat.