Espetxeratu dituzte ostiralean Laudion atxilotutako bi pertsonak, Ertzaintzak Aiaraldea Komunikabideari baieztatu dionez. 35 eta 27 urteko bi gizon atzeman zituen poliziak Oleta auzoko hainbat baserritan lapurtzea egotzita. Izan ere, poliziak salatu duenez lau lapurreta salaketa erregistratu zituzten auzo horretan martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean.
Bizilagunek, aldiz, hamar kasu zenbatu zituzten orotara, azkena iragan asteartean. Euren hitzetan, hutsik dauden eraikinetan eta bigarren etxebizitzetan sartu ziren kasu gehienetan, eta kobrea eta metalezko bestelako elementuak ostu zituzten gehienbat, baina baita bestelako objektuak ere, erlojuak edo bitxiak kasu.
Etxebizitzetako batek segurtasun kamara bat zuen, eta bertako irudietan bi pertsona agertzen ziren. Auzokideek Ertzaintzari pasa zizkioten bideo horiek. Horrez gain, Udalarekin eta komisaldegiko arduradunarekin ere bildu ziren hainbat aldiz.