Berehala hasiko dira Goikoplazako babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen

Aitor Aspuru Saez 2026ko apirilaren 14a

85 etxebizitza sortzea aurreikusi dute. / Irekia

Laudioko alkateak azaldu du 14 hilabetetan amaituta egotea aurreikusi dutela. Guztira 85 etxebizitza sortuko dituzte.

Ainize Gastaka Laudioko alkateak pasa den astean bisitatu zuen Azalera podcasta eta egindako elkarrizketan aurreratu zuen Goikoplazan babes ofizialeko 80 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko lanak hastear daudela.

Hain zuzen, udalburuak argitu zuen ostiralean hustu behar zela eremua, hesitu baitute jadanik. Udalak lursaila laga zion Eusko Jaurlaritzari eraikin horiek egiteko eta espero dute 14 hilabetetan amaitzea.

Aparkaleku berriak Latiorron

Gastakak ohartarazi zuen azpiegitura horiekin aparkaleku ugari desagertuko direla herrigunean, baina, aldi berean, gogoratu zuen hilabete barru eremu berria irekiko dutela horretarako Latiorron.

Ibilgailuak uzteko gune hori anbulatorio berrira lotuta egongo da. Beti izango da doakoa, baina hasieran denbora-mugarik ez bada egongo ere, Udalak aztertuko du zein mugimendu mota sortzen den eta horren arabera erabakiko du erabilera orduak murriztea, osasun sistema publikora jotzen dutenei lehentasuna emateko.

Ugarten estalkirik ez

Azaleran egindako adierazpen aipagarrien artean badago ere Ugarteko auzokideek hainbat aldiz egindako eskaera ez dela bideragarria. Izan ere, URA Agentziak debekatu du futbol zelaian estalkia jartzea.

Alkatearen iritziz pena bat da, "tokia jarduera komunitarioak egiteko baliatu ahal zelako".

Apaloetako mahaiak

Hiriko elementuekin jarraiki, Gastakak iragarri zuen urtea amaitu baino lehen Apaloetan dauden metalezko 20 mahaia kenduko dituela Udalak. "Urbanizazioa egin zenean ideia ona iruditu zitzaien, baina bizilagunek azaldu dute metalezko mahai horiek arriskutsuak direla umeentzat, hortaz, erretiratuko ditugu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide