Puntako taldeak elkartuko dira bihar (apirilak 17) Faktoriako oholtza gainean: Adur eta Lukiek. Estilo eklektikoa duten bi bandek, ikusleak dantzan jartzeko asmoz bertaratuko dira Faktoriara. Ate irekiera 20:00etan izango da, eta dagoeneko salgai daude sarrerak Faktoria.eus atarian; bazkideek prezio murriztua izango dute.
Musika estiloen nahasketa muturreraino eramaten duen taldea da Adur, "soinu modernoa eta euskal folklorea uztartuz". Naroa Esturo eta Xabier Aguado bikote bilbotarrak sorturiko taldeak "undergroundaren esentzia gordina" harrapatzen du, indarrez beteriko melodia eta soinuen bidez.
Eskualdeko eszenatokietan beteranoak dira honezkero Lukiek mungiarrak. Josu Ximun, Antton Goikoetxea eta Christian Rodriguezek osatzen duten taldeak hiru lan luze kaleratu ditu, azkena iaz bertan. Musika estilo askotatik edaten du taldeak, baina grunge-a ardatz duen soinu indartsu eta bereizgarria dauka.