ERREPORTAJEA

Garayo eta El Resbalon: Gardeako epizentro

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko apirilaren 29a

Ezkerretik eskuinera Bego Arbaizagoitia, Iñaki Garaio eta Txutxi Arbaizagoitia. / Aiaraldea.eus

Maiatzaren 1ean jaurtiko dute Gardeako jaietako lehen suziria. Aurtengoan, Garaio eta Arbaizagoitia familiek izango dute jai-giroa pizteko ardura. Auzoko jai batzordeak Bar Garayo eta Bar El Resbalon taberna historikoak omendu nahi izan ditu keinu honekin: “Gardean garai bat markatu zuten bi tabernek, XX. mendearen erdialdean. Topagune izan ziren, auzo-bizitzaren erdigune”.

Aldatzen ari zen auzoa. 1940ko hamarkadan sortu ziren Bar Garayo eta Bar El Resbalon. Ordura arte auzoan ugariak ziren txakolindegien lekukoa hartu zuten biek. “Txakolindegiak ez ziren tabernak, txokoak ziren, nagusiki bola-jokoan aritzekoak. Gardean hiru zeuden”, oroitu du Txutxi Arbaizagoitiak, El Resbalon tabernako Maria Jesus Perez Mari-ren alabak.

Industrializazioak goitik behera aldatu zuen Gardea, auzoa nabarmen hazi egin zen, eta behar sozial berriak sortu ziren. “Beharrezkoak ziren egunero zabalduko zuten tabernak geroz eta gehiago ziren auzotarrak elkartzeko — azaldu du Iñaki Garaiok — Auzotar horiek, gainera, elikagai eta bestelako produktuen beharra ere bazuten, inguruan ez zegoelako saltokirik. Hori dela eta, bai El Resbalon eta bai Bar Garayo, tabernak izateaz gain, denda ere baziren”. 
Bizilagunen enkarguei erantzun eta erantzun, egun batean faborea zena ohitura bilakatzen zen hurrengo egunean. Horrela eraiki ziren bi tabernak, bai eta bertako eskaintza zabala ere. 

Santiago Garayok, esaterako, errekaduak jaso, Bilbon produktuak bildu eta tabernan saltzen zituen: abarkak, igitaiak, perfumeak… Otorduak eskaintzeari ere ekin zioten laster, inguruko fabriketako langileen beharrei ahalik eta hobekien erantzuteko. Otorduak eskaini ahal izateko Josefa Egiak, Santiagoren emazteak, orduak eta orduak eman zituen Garayo tabernako sukalde eta jantokian, lan nekaezinean. 

Marik goizaldetik gauerdira zuen zabalik El Resbalon, Aceroseko langileek fabrikako sartu-irtenetan tragoren bat har zazetan. Postaria iristen ez zen Gardeako auzo urrunetako gutunak biltzen zituen ere; bai eta telefono deiak jaso ere, eurena baitzen inguruko telefono bakanetako bat.

Auzo bizia

Auzo bizia zen Gardea garai horietan. Bertako bizilagunen izaera komunitarioa goraipatu dute Txutxik eta Iñakik. Apostuetarako zaletasun handia zegoela oroitu dute ere. Tiburcio Atxa eta Juanitoren izenak aipatu dituzte beste guztien gainetik; uneoro bazterrak nahasten eta are eta erokeria handiagoa egiten ibiltzen zen auzoko bikote alaia. “Juanito Gardeako zubietako petrilen gainetik ibiltzen zen bizikletan atzeraka igota, erokeria bat!”, azaldu du Garaiok, oraindik ere balentria horrekin txunditurik.

Bizitasun horren guztiaren adibide ziren Gardeako Jaiak. “Garai batean jaiak ikusgarriak ziren. Jendetza biltzen zen auzoan. Errepidea guztiz mozten zen, Bilboko Gran Vian baino jende gehiago batzen zen bertan”, azaldu du Bego Arbaizagoitiak, Txutxiren ahizpak eta El Resbalon-eko Mariren alabak. Odolean daramatza Gardeako Jaiak Begok, festetan jaio baitzen bera, Santa Kurutze egunaren biharamunean. 

Nola ez, Garayo eta Resbalon tabernak izan ziren jai-giro horren epizentroa. “Horrek bazuen bere alde txarra ere, festa egin genezakeen uneetan tabernan lanean egon beharra genuen beti, gurasoak laguntzen. Behin dantzaldira egin nuen ihesi eta aitak harrapatu ninduen, bertan abandonatu behar izan nuen nire dantza-bikotea; oraindik ere zor dizkiot azalpenak” oroitu du barre artean Txutxi Arbaizagoitiak.

Kapitulu bat ixtea

Gardearen transformazio betean sortu ziren bi tabernak, eta gizartearen aldaketen ondorioz itxi zuten biek ala biek. 1980 eta 1990eko hamarkadetan ugaritutako merkatal zentro handiek erabat aldatu zuten joko zelaia Garaioren aburuz: “Gure tabernetan tratua oso humanoa zen. Gure gurasoek koadernotxo batean apuntatzen zituzten bizilagunen zorrak: ordain zezatela ahal zutenean. Merkatal zentro handiekin lehiatu ezinik ikusi zuten euren burua: prezio oso merkeak, orotariko produktuak…”

Gizartea azkar ari zen aldatzen eta, aspaldiko lotura komunitarioak geroz eta ahulagoak ziren garai betean, 1983ko uholdeekin egin zuten topo El Resbalon eta Garayo tabernek. “Uholdeek dena eraman zuten, erakina bera ere. Gure amak 40 urtetan ez zuen behin ere El Resbalon itxi. Gutxi ziren ordurako hurbiltzen ziren bezeroak, baina ala ere beti izan zuen atea zabalik. Kasualitate hutsa izan zen egun hartan ixtea erabaki izana”.

Urte luzeetako sakrifizioaren ondoren, uholdeek utzitako hondamendian aurkitu zuten erretiroa hartzeko aitzakia; Gardea auzoko historiaren kapitulu bat behin betiko itxiz.

Aitortza

Iñakik, Begok eta Txutxik pozik hartu dute Gardeako txupinero izateko ardura. “Hainbesteko lana egin zuten gure gurasoei aitortza da honakoa, merezi zuten”. Auzoaren iraganean berriro ere murgiltzeko aukera eskaini die txupinero izateko gonbitak. Oroitzapenetan atzera egiten duten bitartean, etorkizunera begira jarri dira, eta balioan jarri dute Gardeako Jai Batzordeak auzoko festak biziberritzeko egindako lan guztia.

Urduri daudela onartu dute ere, txupinazoaren protokoloa ez dutelako ezagutzen. Jaiak nola igaroko dituzten galderari umoretsu erantzun dio Iñaki Garaiok: “Suziriak belarritik gertu eztanda egin ondoren, gor”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide