Larunbatean borrokatu zen Bilal Ben Yechou laudioarra David Moranen aurka Soraluzeko kiroldegian eta emaitza oso ona izan zen tokiko kirolariarentzat. Izan ere, lehen roundean irabazi zuen Sorabox taldeko kideak.
Ben Yechouk zenbait kolpe zuzen sartu zizkion aurpegian eta gorputza ere zigortu zion Zaragozatik etorritako boxeolariari eta amore behar izan zuen, laudioarraren harridurarako.
Hain garaipen argia lortuta, Aiaraldeko gaztea pozik dago, baina, bestalde, dezepzio puntua ere ekarri zuen etxera: "Nire aurkariak norgehiagoka gehiago ditu eta uste nuen round gehiagotan arituko ginela".
Izan ere, Bilal Ben Yechouk ez du ezkutatzen larunbateko hitzorduaren zein ekainean izango duenaren helburua Espainiako Boxeo Txapelketa prestatzea dela, 90 kilo gorako kategorian, hain zuzen.
Soraluzeko borrokaldi osoaren kronika argitaratu du Barrena webguneak.