Tripolitik hurbil muntatutako kanpalekutik ari dira prestatzen Global Sumud Konboiaren hurrengo urratsak. Datozen egunetan abiatuko da ekimena Libian barrena, Egipto zeharkatuz, Rafahrantz, Gazako mugara iristeko helburuarekin. Mundu osoko ehunka lagunek parte hartuko dute misioan, eta laguntza humanitarioa eramango dute Palestinara: 50 kamioi, 20 autokarabana eta 10 anbulantziatan.
Konboian parte hartzen ari da Laudioko aktibista. “Palestina aske izan arte borrokatzen jarraitzeko” aldarria zabaldu du Global Sumud Flotillaren Euskal Herriko ordezkaritzaren sareetan eta gogorarazi du ostiralean izango dela Nakbaren urteurrena. Gertakari horren harira antolatuko duten mobilizazioetara batzeko deia ere egin du.
Itsasoak aukera handiagoak eskaintzen baditu ere, Konboiko ordezkariek azpimarratu dute lurreko bideak ere baduela balio politiko handia, mugak zeharkatzeko ekintza bera “sakonean politikoa” delako.
Magrebeko eta Afrikako herrialdeetako eragileek sustatu dute Lurreko Konboiaren ekimena eta nabarmendu dute Palestinarekiko elkartasunaz harago doala mobilizazioa, “sionismoaren logika genozidak Afrika osoan eta munduan justizia, bakea eta askatasuna arriskuan jartzen baititu”.
Global Sumud Flotillaren antolakuntzapean dago Konboia, transparentzia politikoaren mesedetan, eta elkarlanean aritzen dira bi ekimenetako antolatzaileak.
Itsasoak aukera handiagoak eskaintzen baditu ere, Konboiko ordezkariek azpimarratu dute lurreko bideak ere baduela balio politiko handia, mugak zeharkatzeko ekintza bera “sakonean politikoa” delako.
Hunkituta ere agertu dira, Greziako uretan Israelgo Defentsa Indarrek geldiarazitako Flotillako hainbat kide zuzenean Libiara joan baitira Konboiarekin bat egiteko.
Asteon abiatuko den Konboiak aurrekari zuzena izan zuen iazko ekainean. Tunisiako sindikalistek Magrebeko Lurreko Konboia abiatu zuten Rafahko pasabideraino iristeko eta laguntza humanitarioa sartzea exijitzeko.
Ordukoan ere, milaka lagunek hartu zuten parte baina konboia Libia ekialdean geldiarazi zuten eta atzera egitera behartu. 2025eko ekimenean ere parte hartu zuen Urkixok.