Familia albumetatik memoria kolektiboa sortzea: Laudioko zazpi emakumeren argazkiak plazara

Maider Ramirez Martin 2026ko maiatzaren 18a

Ainhoa Resano artistak gidatu du Ellas proiektua, Laudioko III. Jardunaldi Feministen egitarauaren barruan. Eguerdian aurkeztu dute Elexalde kalean protagonistek, eta memoria prozesu parte-hartzailearen nondik norakoak aletu dituzte hainbat herritarren aurrean.

Gaur abiatu da Laudioko Jardunaldi Feministen hirugarren edizioa, Zukutu feminismoa lemapean. Udalak eta Laia eskolak antolatuta, hamaika ekintza egongo dira hilaren amaiera bitarte: proiekzioak, tailerrak, antzezlanak, solasaldiak, liburu aurkezpenak... betiere feminismoa ardatz hartuta.

Ainhoa Resano artista bisualaren Ellas proiektuak ireki du bi astetan luzatuko den egitaraua. Azarotik otsailera artean, zazpi emakumez osatutako memoria-talde baten elkargune izan da Lezeaga aretoa.

Resano izan dute gidari, eta elkarren artean berreskuratu dituzte norbere albumak eta bertan gordetako argazki formatuko oroitzapenak. Saio horietan "migrazioaz jatorrizko herriez, Laudioko iragan industrialaz eta landa-eremuaz, grebez, amatasunaz, maitasunaz eta amamen, amen eta alaben arteko harremanaz" mintzatu dira, eta bakoitzaren oroitzapenetatik abiatuta marraztu dute memoria kolektiboa.

Lola, Aureli, Begoña, Marisa, Maribe, Miren eta Toñi. Horiek dira Elexalde kaleko horman kokatutako argazkien protagonistak. Kasuren batean, haiek eurek beharrean, haien amak ageri dira irudietan. Zazpi horiez gain, beste hainbat argazki ere bildu dituzte eta mahai-oihal bat ere ondu du Resanok, Lezeaga aretoan geratuko dena aurrerantzean.

Herritar ugariren arreta bereganatu du gaur eguerdiko aurkezpenak, eta Ellas proiektua jendarteratzeaz gainera, aurtengo Jardunaldi Feministen egitaraua ere zabaltzeko baliatu dute hitzordua Nagore Gomara zinegotziak eta Ainize Gastaka alkateak.

Bihar jarraituko du ekimenak, Zinegoak festibaleko filmen proiekzioarekin, 18:30ean, Lezeaga aretoan. Gainontzeko egunetako egitaraua hemen kontsultatu daiteke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide