Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Mundua nola dagoen ikusita, oihu egiteko beharra sortu zait berriro"

Txabi Alvarado Bañares 2026ko ekainaren 10a

OIER VELEZ (Laudio, 1989) da Okher proiektuaren atzean dagoen sortzailea. Hirugarren diskoa plazaratu berri du, rap eta punk doinuak erdibana uztartuta.  

Bost urte igaro dira azken lana plazaratu zenuenetik. Zertan aritu zara ordutik hona? Zer dela erabaki duzu orain disko berria plazaratzea?

Carlos Creator ekoizlearekin lan egiten hasi nintzen, Bilbon. Berak deitu ninduen disko bat egiteko. Ez ginen ondo ulertu. Urte erdi eman genuen lanean, bukle batean sartuta, bi single ateratzeko, eta hor geratu zen kontua. 

Apur bat geldituta geratu nintzen. Gorka Fernandez gitarjoleak ere taldea utzi zuen, eta egon naiz nire gauzetara. Arazo pertsonalak ere egon dira… eta bat-batean dena agertu zait aurrean. Ekoizle bat ezagutu… denak bultzatzen ninduen berriro musika egitera. Kasualitatea, badakizu. 

Kantuak bat-batean sortu ziren edo aspalditik gordeta zenituen ideiekin osatu duzu?

Denetarik dago. Musikalki dena da berria, baina badaude gordeta nituen letra batzuk atera nahi nituenak. Nik uste dut hau dela orain arte egin dudan lanik zintzoena.  

Zergatik?

Esan nahi nuen guztia islatu dut disko honetan, beldurrik gabe.

"Esan nahi nuen guztia islatu dut disko honetan, beldurrik gabe"

Lehen kolpean badago gauza bat arreta deitzen duena: abestiak bikoiztuta daudela, rap estiloan alde batetik, eta punk-hardcore formatuan bestetik. 

Ikusten dut mundua nola dagoen eta berriro sortu zait oihuka egitea, eta raparekin ez nuen hori lortzen. Horregatik egin dut erdibana. Okherrekin neraman rap ibilbideak bultzatu nau punka modu berriztagarriagoan egitera. Lehen punka egiten nuen, eta orain nahasketa bat egin nahi nuen. Rap formatuko bost kantu sartu ditut ez egiteko dena ezberdina bat-batean, trantsizio moduko bat egiteko. Bada bide bat rapetik gaurko soinura eramaten nauena. 

Zure aurreko diskoak baziren rap estilokoak, baina gero zuzenekoak punk formatuko bandarekin egiten zenituen. 

Bai, saiatu ginen horrelako zerbait egiten. Orain dena dago hobeto nahastuta. Nire doinua aurkitu dudala uste dut. Oso pozik nago lanarekin. Ze normalean badakizu: artistek egiten dute lana eta bada maitasun-gorroto harreman bat. Eta nire kasuan beti zen gorrotozkoa. Bi egunetan nekatzen nintzen, ez ninduen guztiz asetzen. Honekin oso pozik nago, ehuneko ehunean islatzen du naizena.

"Nire doinua aurkitu dudala uste dut. Oso pozik nago lanarekin (...) Ehuneko ehunean islatzen du naizena"

Zure lanik zintzoena dela diozu. Nola islatzen da hori letretan?

Banituen gauza nahiko pertsonalak lan honekin kaleratu nahi nituenak. Egia da horrek bultzatuko duela jendea politikoki nahiko kokatzen, baina ni nago hitz egiten nire iraganaz. Orduan argi utzi nahi dut politika albo batera utzi ahal dudala, ez dudala gustuko ez bata ez bestea… barruan nuena askatu nahi nuen, azken finean. 

Erreferentzia ugari daude diskoan, batzuk esplizituagoak eta beste batzuk sotilagoak. Pompeya izeneko abestian, adibidez, ez du Lamuza parkean dagoen “Pompeya” gunearekiko erreferentziarik topatu, baina imajinatzen dut egongo dela, ez?

Ez, ez, abestiaren izena ez da horregatik. “Alma reducida a cenizas, Pompeya” dio kantuak (“Errautsetara murriztutako arima, Pompeya”). 

Ba pentsatzen nuen toki horri egiten zeniola erreferentzia. 

Asko galdetu didate hori, baina baliabide estetiko bat baino ez da.

Madero kantuaren bideoklipa plazaratu duzu. Bertan bandarekin jotzen agertzen zara. Hala igoko zara oholtzara ere?

Bai, dena egingo dugu bandarekin. Are gehiago: beste bederatzi kanta prestatu ditugu, letra zahar zein berriekin, ordubeteko zuzenekoa prestatzeko, dena kaña. Rapa kantatzeko deitzen banaute ere joango naiz, musika mundua gaizki dagoelako…

Bi gauzak egiteko aukera duzu.

Hori da, aukera sorta handiagoa dugu. 

Lan honekin bereziki pozik zaudela diozu. Zer ezberdintasun sumatzen dituzu aurrekoekin alderatuta? 

Batzuetan astroak alienatzen dira eta klabea topatzen duzu. Izan daiteke esperientzia. Okher esperimentazioa izan da. Nik entzuten nuen rap apur bat, ezagutzen ditut rapeatzaile pilo, eta hasi nintzen horrela abesten Ama abestian, eta ikusten nuen formatu horretan jendeak hobeto entzuten zuela letra eta mezua. Baina orain mundua nola dagoen ikusita uste dut oihukatu egin behar dela, izorratuta gaudelako. 

"Rocka, punka eta estilo horiek ziklikoak dira, eta dirua falta denean, lana falta denean, geroz eta lotuago gaudenean, orduan hasten dira bazterrak oihuka"

Asko eragin du testuinguruak zure ibilbide artistikoan?

Bai, asko. Hori diot: rocka, punka eta estilo horiek ziklikoak dira, eta dirua falta denean, lana falta denean, geroz eta lotuago gaudenean, orduan hasten dira bazterrak oihuka. Gizarteak eskatzen dizu. 

Bederatzi abesti gehiago prestatzen zaudetela esan duzu. Horiek ere grabatuko dituzue? Edo zuzenekoetarako erreserbatuta egongo dira?

Bai, baditugu grabatuta maketak zuzenekoetan jotzeko, baina hurrengo diskoa izango da. Noiz aterako den? Batek daki. Agian uda ostean edo agian hurrengo urtean. Ez gara presaka joango, honetaz gozatuko dugu lehenbizi. 

Aurten hasteko asmoa duzue zuzenekoekin ere?

Bai. Hainbat tokitatik deitu gaituzte, baina kontzertuak sei hilabete lehenago ixten dira. Udan jotzea proposatu digute, baina oraindik ezin dut ezer aurreratu ez dagoelako datarik itxita, baina Gabonetarako izango ditugu kontzertu nahiko potoloak. 

Alde bisualari ere ematen diozue garrantzia: estetika zehatza, bideoklip landuak… Gaur egun gainera, geroz eta pisu gehiago hartzen dute horrelako elementuek. Zuenean ere?

Nire kasuan eragina izan duena izan da zentratuagoa nagoela, buru-belarri nago honetan, burua bere tokian. 

Koloreka ateratzen ditut diskoak. Lehena izan den zuria, USB formatuan. Bigarrena Akira animean oinarritutako alegoria bat izan zen, pilula gorri eta urdinarekin. Akirak gainera hitz egiten zuen 2020an gertatzen zen apokalipsi bati buruz; 2021ean plazaratu nuen diskoa baina gorputzak eskatzen zidan horrela girotzea. 

Azken honetan, aldiz, kolore horia gailentzen da. Ezegonkortasuna adierazten du, izurria, nire ustez horrela baitago mundua. Pastilla formako USBetan sartu ditut diskoak, ez dakit hurrengoan zer egingo dudan. Inoiz baino gehiago zaintzen dut estetika. 

Zu zara Okher, baina taldea ere bada. Zaila da zure sorkuntza prozesua eta taldearena uztartzea?

Prozesu interesgarria da. Tailandian ezagutu nuen tipo bat coffe shop batean, bazela nire Bartzelonako lagunen laguna. Bere lagun bat nire DJa izan zen, DJ Hosky.

Hamabost egun igaro nituen berarekin bertan. Rapeatzaile dominikar bat ikustera gonbidatu nuen Bilbon. Gordo del Funk ekoizlea zegoen bertan DJ moduan. Berarekin hitz egiten pentsatu genuen elkarrekin zerbait egitea, eta horrela sortu zen diskoa. Zaragozara joan nintzen. Hiruzpalau egun egon nintzen bertan berarekin diskoaren rap kantak grabatzen. 

"Giro txarra badago hori azaleratu egiten da musikan, ez du zirrara berdina sortzen"

Hasieratik nuen argi beste bost punk kanta sartu nahi nituela. Horretarako mutil gazte bat topatu nuen, Iban Irastorza, Beasaingoa. Bere bideo bat agertu zitzaidan, zeinetan rap abestien punk bertsioak egiten zituen. Hori zen gutxi gorabehera buruan neukana. Galdetu nion ea animatzen zen eta bion artean egin genuen bigarren zatia. Gero batu zen Jabi Palacios baxuan, aurreko etapan nirekin egon zena. Mogorekin (bateriajolea), aldiz, urtebetez egon nintzen tanteatzen. Santurtzikoa da bera eta gaztetan rapa abesten zuen. 

Garate estudioetara joan ginen grabatzera, Kaki Arkarazorekin. Musikariak ez ziren euren artean ezagutzen, baina nik banekien ondo aterako zela dena. 

Zuzenekoetarako bai izango duzuela lana talde moduan finkatzeko.

Urrian grabatu genuen diskoa, eta hortik aurrera sekulako lana egin dugu. Familia bat sortu dugu. Falta zaigu kaña apur bat sartzea hurrengo bi hilabeteetan, baina hor gaude, gelditu gabe. 

Lehen esan dudana errepikatzen dut: oso zentratuta nago, energia onarekin, gogoekin, ilusio pilorekin… txikitan bezala. Eta hori eta kutsatu egiten ditu gainontzeko musikariak, eta igartzen da diskoan.

Musika grabatzen duzunean energia ere hor dago. Giro txarra badago hori azaleratu egiten da musikan, ez du zirrara berdina sortzen. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide