Aitor Burgoaren omenaldia bilakatu zen EH Bilduren eguneko ekitaldi nagusia

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 20a

EH Bilduk goiz osoko jarduera antolatu zuen larunbatean udalgintza eta politika ardatz, baina Aitor Burgoa zinegotzi ohiaren omenaldia izan zen eguneko ekintzarik garrantzitsuena.

Laudioko udala gobernatzen duen koalizioak EH Bildu eguna antolatu zuen larunbatean. Goizean hasi zituzten ekintzak, bazkariarekin bukatzeko. Horretarako, herriko plazatik abiatu eta Ermualdera jo zuten goizean goiz. Hamaiketakoaren orduan, aldiz, zinegotziekin eta alkatearekin galderak egiteko eta solasteko aukera eman zuten.

Dena den, egitarauko unerik hunkigarriena eta jende zein interes gehien erakarri zuena Aitor Burgoa zinegotzi ohiaren omenaldia izan zen. Abenduan zendu zen Laudion sustraitu zen ondarrutarra eta EH Bilduko kide anitzek hitz egin zuten berari buruz.

Izan ere, 2019tik 2023ra bitarte zinegotzi izan ez ezik, militante isila eta sakrifikatua izan zen urte luzez. Horrela deskribatu zuten bere burkideek eta azpimarratu zuten maitasunez eta konstantziaz aritu zela koalizioan mundu hobe baten alde.

Kideek nabarmendu zuten lan egiteko prest zegoela beti, baina ez zela titular handien zalea eta maiz erreparatzen ziela besteentzat ikusezinak ziren detaileei, agian batzuentzat txikikeriak direnak, baina ezinbestekoak proiektuek aurrera egin dezaten.

Hitzartze hunkigarrien ondoren, senideei oroigarria eman eta haritza landatzera joan ziren. Izan ere, EH Bilduko militantziak goraipatu zuen Aitor Burgoaren gaitasuna Laudion errotzeko eta fruituak emateko eta zuhaitzarekin gogoratu nahi dute: "Sustraietan sendo, isilean baina tinko, eta familia eusten".

Argazkiak: EH Bildu

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide