Laudioko Udal Osoko bilkurara iritsi zen atzo Laudio Goikoaren itxieraren auzia. Iragan astean jakinarazi zen antzina Gregorio Marañon gisa ezagututako eraikina itxiko zutela, bertan dauden heziketa zikloak eta zereginen ikaskuntzarako gelak mugituz. Premia bereziak dituzten ikasleak aritzen dira gela horietan, eta euren gurasoetako batzuek idatzitako gutun bat irakurri zuten atzoko udalbatzan.
Familia horiek “kezka handiz” bizi dute gela horiek herriguneko institutua bezalako espazio batera mugitzea. “Gure seme-alabak ez dira zenbakiak, ezta toki batetik bestera mugitu daitezkeen espedienteak ere”, aldarrikatu zuten, eta nabarmendu zuten beheko institutuan ez dagoela ikasle horientzako espazio egokirik. “Ez dago gune lasairik, ez dago tailer funtzionalik, ez dago erregulaziorako espaziorik ezta horiek sortzeko abagune fisikorik ere ez”, nabarmendu zuten.
Institutua jada “masifikatua” dago, gurasoen hitzetan. “Barrakoi bat jarri dute, eta konponbide bakarra barrakoi gehiago jartzea da”, ohartarazi zuten atzoko hitzartzean.
Euren aburuz, ez da duina horrelako espazioetan ikastea, eta mota horretako moduluak jartzeak jolasguneko espazioa murrizten duela ere gaineratu zuten.
Bihar elkarretaratzea egingo dute 17:00etan Herriko plazan.
Bi ikasle jarraitzeko aukerarik gabe
Horrez gain, gurasoek atzoko abagunea baliatu zuten salatzeko bi ikasleri zereginen ikaskuntzarako gelan jarraitzeko aukera ukatu zitzaiela apirila amaieran: “Ez da etikoa ez gizatiarra horren gauza garrantzitsua horren berandu jakinaraztea, ez zaielako tarterik uzten familiei ikasleen bizitza berrantolatzeko. Errealitatea da plaza faltagatik ikasle batzuk urtebete etxean geratzeko arriskuan egon ahalko liratekeela, horrek dakarren guztiarekin: desarautzea, atzerapenak, higatze emozionala...”.
Horrez gain, gaineratu zuten oraindik ez dagoela argi heziketa zikloak nora mugituko dituzten. Iragan astean Laudioko Udalak jakinarazi zuen herriguneko institutura mugituko zituztela horiek ere, baina antza hori ez da hala, eta argitzeke dago non kokatuko duten hekzuntza lerro hori.
Udal Gobernuko kideek jakinarazi zuten ostegun goizean bilera izango dutela Aintzane Arreserekin, Hezkuntzako Arabako Ordezkariarekin.
Bilera ostegunean
Udal talde politiko guztiek hartu zuten hitza gurasoaren hitzartzearen ostean. Guztiek helarazi zieten babesa hezkuntza komunitateko kideei, eta konponbideak bilatu behar direla nabarmendu zuten.
Horri lotuta, EAJko kideek iragarri zuten Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarri direla gurasoen ezinegona helarazteko, eta “hainbat alternatiba” aztertzen ari direla erakunde horretan.
Horri lotuta, Udal Gobernuko kideek jakinarazi zuten ostegun goizean bilera izango dutela Aintzane Arreserekin, Hezkuntzako Arabako Ordezkariarekin. “Esan digu konponbide posible batzuk dituztela, baina ez digu xehetasunik eman. Bileran emango dizkigula esan digu”, azaldu zuen Nagore Gomara zinegotziak.
“Borrokarako prest”
Horren guztiaren aurrean, “eskola publikoan dirua inbertitu” behar dela aldarrikatu zuten gurasoek udalbatzan, “borrokarako prest” daudela azpimarratuta. Bide horretan bihar emango dute lehen urratsa, elkarretaratzea egingo baitute bostetan Herriko plazan.