Lanak berez duela zenbait aste hasi ziren arren, gaur eman diote hasiera ofiziala Goikoplazako alokairuko 64 etxebizitzen eraikuntzari. Hainbat ordezkari instituzionalek parte hartu dute lehen harria jarri eta denboraren kutxa lurperatzeko ekitaldian, Ainize Gastaka alkateak eta Denis Itxaso Etxebizitza Sailburuak tartean.
Proiektuaren hainbat xehetasun aletu dituzte komunikabideen aurrean. Aurreikuspenen arabera, 2029 hasierarako entregatuko dituzte etxebizitza guztiak, eta gogorarazi dute zonalde berean beste bloke bat eraikitzea aurreikusi dutela, beste 29 etxebizitzarekin.
Bigarren eraikina 2027an hasiko lirateke atontzen, 2029ko udaberrirako prest egoteko. 14 milioi euro baliatuko dituzte orotara bi egitasmoak aurrera ateratzeko.
“Bost gaztetatik bati”
Bi proiektuak batuta 93 dira Laudion Vivesa sozietatearen bidez eraikiko dituzten etxebizitzak. Modu horretan, Etxebiden izena emanda dauden eta udalerrian alokairuko etxebizitza eskatzen duten 36 urtetik beherako gazteen %20ari erantzutea kalkulatu dute, “bost gaztetik bati”.
"Goikoplazako blokeekin Etxebiden izena emanda dauden eta udalerrian alokairuko etxebizitza eskatzen duten 36 urtetik beherako gazteen %20ari erantzutea kalkulatu dute, 'bost gaztetik bati'"
Hain zuzen, adin tarte horretako kideei esleituko dizkiete etxebizitzen %50, eta beste kopuru batzuk erreserbatuko dira desgaitasuna duten pertsonentzat eta etxebizitza-premia berezia duten bizikidetza-unitateentzat.
Erregimen orokorreko alokairuan esleituko dituzte etxebizitzak. Gauzak hala, urtean 9.000 eta 46.463,29 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileak izango dira onuradunak.
Adostasuna erakundeen artean
Gastaka izan da hitza hartzen lehena, Vivesako presidentearen ostean. "Etxebizitzaren larrialdiari aurre egiteko" erakundeen arteko elkarlana "ezinbestekoa" dela aldarrikatu du alkateak, eta nabarmendu du "beharrezko instrumentu guztiak" jarriko dituztela martxan arazo horri aterabidea emateko.
Bide horretan, "espekulazioaren aurkako borroka, etxebizitzen birgaitzea, promozio berrien eraikuntza eta etxe hutsak mugiarazteko neurri fiskalak” zerrendatu ditu aplikatuko dituzten neurrien artean.
Itxasok, bere aldetik, aipatu du ados dagoela Gastakak esandako guztiarekin, eta erakundeen arteko elkarlanean jarri du begirada batez ere. Izan ere, Sailburuak azaldu du Jaurlaritzak ez duela apenas lursailik, eta horregatik funtsezkoa dela tokiko erakundeek lagatzea. “Goikoplazako proiektu hau posible izan bada izan da bere unean Udalak lurzoru hauek doan utzi zizkiolako Jaurlaritzari, lursailekin egin daitekeen gauza onena egiteko”, aldarrikatu du Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko buruak.
Dena dela, Sailburuak aldarrikatu du Udalak %95ko hobari fiskala ezarri beharko liokeela proiektuaren eraikuntzari, lanen kostu altua murrizteko, eta hori egiteko eskatu du publikoki.
Denis Itxaso Sailburuak azaldu du Jaurlaritzak ez duela apenas lursailik, eta horregatik funtsezkoa dela tokiko erakundeek lagatzea.
Eraikinaren kontu teknikoei erreparatuta, Jaurlaritzako ordezkaria pozik azaldu da Goikoplazako eraikinak zortzi solairu izango dituelako, eta horrek aukera emango duelako lursaila ondo baliatzeko eta logela bateko 16 etxebizitza, bi logelako 43 eta hiru logelako 5 eskaintzeko.
Laudioko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean gaur erakutsitako batasun itxurak kontrastea egiten du EAE mailan azken asteetan egondako talkarekin.
Izan ere, EH Bilduk Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko proposamen politikoa plazaratu zuen maiatza hasieran (Ainize Gastakak berak plan horri aipamena egin dio gaurko hitzartzean). Plan horrek EAJ zein PSE-EEren kritikak piztu zituen bere unean, bi alderdiek leporatu baitzioten koalizio subiranistari bere planteamenduetan biraketa bat ematea, orain arte etxebizitzak eraikitzearen aldeko jarrerari erakutsi ez duela argudiatuta. Horri lotuta, Laudioko EAJk iritzi zutabe bat plazaratu zuen iragan astean.
873 izen emate Etxebiden
Laudioko etxebizitza eskaerari buruzko datu gaurkotuak emateko ere baliatu dute gaurko prentsaurrekoa. Azaldu dutenez, Laudioko 873 bizikidetza-unitate daude une honetan Etxebiden izena emanda, eta horietako 772 (%82,7) daude alokairuzko etxebizitzen bila.
Argazkiak: Irekia