Larunbatean Ameriketako bost telebista kanalek emititu zuten España una, Portugal cero film dokumentala. Pelikularen protagonista Jose Ric Derne da. Berez, Santi Ric zaragozarra eta Javi Gil laudioarra dira proiektuaren zuzendariak eta lehenengoa hain zuzen, Jose Ricen senidea da.
Bere existentziarekin topo egin zuenean, elkarrizketa egin zion, George Orwellen miliziano zutabe berean egon baitzen Guda Zibilean eta, besteak beste, kontzentrazio eremuetatik ihes egin zuen.
Lekukotzatik abiatuta, XX. mendeko une kritikoei begiratzen dion filma egin zuten eta El Salvadorreko WOW TV-n, Kolonbiako TV Peñolen, Ekuadorreko Ecotel TV-n, Panamako Retrox TV-n eta Dominikar Errepublikako Tele Proyecton eskaini zuten larunbatean.
Zuzendariek ez dituzte datuak oraindik, baina ziur daude milaka lagunek ikusi dutela pelikula. Gaur, aldiz, Floridako El Sol TV-n egongo da ikusgai.
Telebistan ere aurretik
Ez da, inonik inora, lana telebistara heldu den lehen aldia. Izan ere, Andorra TVn, Manzanares TVn eta Latinos TV New York-en ere eman dute aurretik.
Hain zuzen, azken kate horrek emankizuna egin ondoren, AP-68ko kideek (bai Javi Gilek zein Santi Ricek, zein kolektiboa osatzen duten Euskal Herriko eta Zaragozako beste lagunek) gazteleraz emititzen zuten kanalen zerrenda sortu eta eskutitza bidali zieten, España una, Portugal cero eskaintzeko.
"Ez dugu edonoren esku jarri, kate erlijiosoei, multinazionalekoei eta estatu kateei ere ez diegu eskaini", argitu dute.
Hurrengo hilabeteetan emisio gehiago izatea espero dute eta horregatik oso pozik daude.
Jedi galaktikoa
Horrez gain, AP-68k eta, bereziki Santi Ricek, Jedi Galatikoa zinema jaialdia egingo dute berriro Laudioko Orbeko Etxean. Ekainaren 19an izango da Star Wars sagaren jarraitzaileek eurek egindako filmeen proiekzioaren X. edizioa.