Langile bat hil da gaur gauean Laudion, Vibrantz fabrikan gertatutako lan-istripu batean. Gaueko hamabiak pasata, labe bat lehertu da pigmentuak fabrikatzen dituen lantegi horretan eta behargin bat hil da ondorioz.
Langile Batzordeko kideek azaldu dute labearen matxura bat konpontzera bertaratu zela lankidea, mantenuko atalean aritzen baitzen. Laudiokoa zen behargina eta 49 urte zituen.
Suhiltzaileak eta Osalaneko teknikariak bertaratu dira Gasteiz kaleko fabrikara gauerdian. Dirudienez, prebentzio delegatuei azaldu diete ohiko prozedura batean gertatu dela eztanda eta ikertu behar dutela.
Iturri sindikalek aipatu diote Aiaraldea Komunikabideari lantegiak ekoizpena gelditu duela bi egunez.
Langile Batzordea, bere aldetik, mobilizazioa egingo du bihar 11:30etatik 12:30era bitarte, ordubetez, lantegiaren aurrean. Aiaraldeko Greba Batzordeak ere protesta antolatuko du, ez bada bihar arratsaldean, ostegunean.
Agurra
Hildako langilea agurtzeko beila egingo dute bihar Larraz Ehorztetxean 17:00etatik 19:00ak arte.
LABen salaketa
LAB sindikatuak oharra zabaldu du nabarmentzeko urtero Euskal Herrian larritasun ezberdineko 100.000 lan-istripu inguru aitortzen direla
ofizialki.
"Datuak gordinak bezain latzak dira: prebentzioaren integrazioa ez da gauzatzen, eta enpresek inpunitate osoz jokatzen jarraitzen dute, instituzioen konplizitatearekin. Osalanek enpresetan presentzia izan beharrean, komunikabideetan iragarritako ekintzekin justifikatzen du bere jarduna, milaka euro publiko xahutuz", adierazi du erakundeak.
LABek EAEko zein Nafarroako gobernuei eskatu die enpresetan indarrean dagoen araudia betearaz dezatela, "marketin-kanpainak alde batera utzita".
UGTren exijentzia
UGT sindikatuak ere argi utzi du bere jarrera gaur jazotako heriotzaren inguruan eta aurreratu du adi egongo dela Osalanek eta Lan Ikuskaritzak istripuaren ardurak argitu ditzaten. Bereziki, langile erakundeak uste du jakin behar dela segurtasun neurri guztiak betetzen ziren makinan.
Halaber, UGTk gaineratu du makinen mantenua bermatu behar dituztela enpresek, eta ez soilik lan puntualak egin. "Prebentzio mantenua egin beharra dago eta ez konponketa mantenua".
33 kasu Euskal Herrian
Azken heriotza honekin 33 dira Euskal Herrian 2026an lanean, lanera bidean edo bueltan hildako herritarrak, LAB sindikatuaren arabera.
Aiaraldean, azken hamarkadan, 18 beharginek baino gehiagok galdu dute bizia lanpostuan zirela. Azkena duela uetebete, Amurrioko Tubos Reunidos lantegian, altuera batetik erorita.
Laudioko Udalaren oharra
Gertakariaren garrantzia dela eta, Laudioko Udalaren Bozeramaleen Batzordeak aho batez erabaki du Laudion izandako lan-istripua salatzea, non langile bat hil den, eta istripua eragin zuten inguruabarrak zein ondoriozko erantzukizunak argitzeko eskatzea.
Halaber, Laudio Udalak doluminak eman nahi dizkie hildako langilearen familiari, lagunei nahiz lankideei.
Era berean, Laudioko Udalak bat egiten du istripu hau salatzeko eta biktimaren inguruko pertsonei elkartasuna eta babesa adierazteko ekimenekin, eta herritarrak ere ekimen horiekin bat egitera animatzen ditu.
Azkenik, Laudioko Udalak berriro salatu nahi izan ditu lan-istripu guztiak, hala heriotza dakartenak, nola zein heriotza ez dakartenak, eta lanetik etxera bizirik itzultzeko eskubidea aldarrikatu nahi izan du.