Langile bat hil da Tubos Reunidosen, altuera batetik erorita, eta sindikatuek ekoizpena gelditzea exijitu dute

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 27a

Tubos Reunidos enpresan jazo da ezbeharra. / Aiaraldea.eus

Trapagarango Pavimprot azpikontratatutako enpresarentzat egiten zuen lan beharginak. Lantegiko jarduera etetea eskatu ez ezik, elkarretaratzea ere deitu du biharko langile batzordeak.

Langile bat hil da gaur eguerdian Tubos Reunidos enpresan. Ertzaintzak 12:40ak aldera jaso du abisua, eta Osalaneko langileak eta komisio judiziala bertaratu dira.

Iturri sindikalen arabera, behargina teilatu batean zegoen lanean bertatik erori egin denean, eta Trapagarango Pavimprot azpikontratatutako enpresarentzat egiten zuen lan. Ertzaintzak baieztatu egin du behargina altuera batetik erorita hil egin dela, baina ez du informazio gehiago ematerik izan.

Vocento taldeak adierazi du langilea Luciano Arevalillo "Txano" izan dela, Abanto Clubeko bigarren entrenatzailea:

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de ABANTO CLUB (@abantoclub_)

Mobilizazioak eta ekoizpena etetea

Tubos Reunidos konpainiako langile batzordeak zuzendaritzari exijitu dio ekoizpena 24 orduz gelditzea "modu kontrolatu eta seguruan". Bihar 14:00etan amaituko da lanuztea.

Horrez gain, elkarretaratzea deitu dute biharko, 9:00etan enpresako bulegoen aurrean, "elkartasuna eta errespetua" adierazteko hildako beharginari.

SOS Aiaraldeak, bestalde, mobilizazioa deitu du biharko 19:00etan Amurrioko plazan, prekarietatearen kontra.

ESKk enpresaren jarrera salatu du

ESK sindikatuko atal sindikalak, bere aldetik, Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren jarrera kritikatu du istripuaren aurrean. Hasteko, sindikatuek eurek deitu behar izan diote lan ikuskaritzari, konpainiak ez baitu egin.

Bestetik, ESKk azpimarratu du enpresak ez duela erakutsi inolako prestutasunik ekoizpena gelditzeko eta langile batzordeak sakatu behar izan duela horretarako.

Ekoizpena 24 orduz etetea eskatu dio Enpresa Batzordeak zuzendaritzari, eta elkarretaratzea deitu dute bihar goizerako.

2023an istripu larria enpresan

Gogoratu beharra dago 2023an beste istripu larri bat gertatu zela Tubos Reunidosen. Kasu horretan PINE azpikontratatutako enpresako behargin batek erredura larriak izan zituen. Alegia, bere lankideek salatu zuten sekuelak utzi zizkiola ezbeharrak.

LABen eta CCOO oharrak

LAB sindikatuak oharra zabaldu du salatzeko azken 24 orduek odolustea ekarri dutela Euskal Herriko langileriari. Izan ere, Amurrioko heriotza ez da bakarra izan: "atzo, maiatzaren 26an, 49 urteko A.H.G. langile azpikontratatua hil zen Atxondon, AHTren lanetan. Pieza baten erorketak zauri larriak eragin ostean, odolustuta hil zen CONPROVIAL enpresarentzat lanean ari zen langilea. Bi hauei atzo Andosillan hildako 50 urteko langilearen heriotza batu behar zaie. Hiru hauekin, gutxienez 23 dira lan heriotzak Euskal Herrian urte hasieratik".

CCOOk ere oharra kaleratu du "sarraskia" gertatzen ari dela azpikontratatutako enpresen artean eta aldarrikatzeko prebentzio neurriak eta koordinazio neurriak beharrezkoak direla.

Halaber, CCOOk azpimarratu du EAEn iaz 25 langile hil zirela kolpe, erorketa edo harrapaketen ondorioz eta horietatik 16 azpikontratatutako beharginak zirela.

Aurtengo 23. lan heriotza

Azken honekin, 22 dira aurten Euskal Herrian erregistratutako lan heriotzak. Aiaraldean jazotako azkena iragan maiatzaren 6an izan zen, Bebidas Serrano enpresan, baina heriotza hura ez-traumatikoa izan zen, bihotzeko baten ondoriozkoa. Iragan urriaren 15ean, aldiz, urduñar bat hil zen Amiantec 3000 enpresarentzat lanean ari zela, kasu horretan ere altuera batetik erorita.  

Hautsak are gehiago harrotu zituen Zorroza Gestión de Residuos enpresan 2020an gertatutako istripuak. Kasu horretan, Bassirou Dione jatorri senegaldarreko langilea zortzi metroko altueratik erori eta hil zen. Duela urtebete, enpresako arduradunek onartu zuten gorpua mugitu zutela lan heriotza ezkutatzeko.

Epaitegian egin zuten aitorpena eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zieten. Horrez gain, 30.000 euroko kalte ordaina eman behar izan zioten hildakoaren familiari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide