Vibrantz enpresako langileek elkarretaratzea egin dute atzoko heriotza salatzeko eta konpainiak ingeniaritza kontratatu du ikerketa egiteko

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 10a

Mobilizazioak ez dira amaitu: gaur 19:30ean Langile Batzordeak eta Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) kontzentrazioa egingo dute Laudioko Herriko plazan.

Vibrantz enpresako beharginek elkarretaratzea egin dute gaur lantegiko sarreran atzo gertatutako lan heriotza salatzeko. Jende ugari bertaratu da eta tentsioa eta samina agerikoak izan dira giroan. 

Enpresako Langile Batzordeak deitu du kontzentrazioa eta ordezkariek zein hildako laudioarraren lankide batek hitza hartu dute. Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi diete zendutako beharginaren lagun eta senideei. Halaber, salatu dute ezin dela normalizatu lanpostutik etxera ez itzultzea. 

Halaber, kritikatu dute enpresak murrizketak egin dituela eta erakunde publikoek ez dituztela baliabide nahikoak jartzen lan osasun eta prebentzioan.

Gauzak horrela, ikerketa sakona eta istripuaren ardurak eta erantzukizunak ondo argitzea exijitu dute.

Arratsaldean mobilizazioa

Langileek gogoratu dute gaur arratsaldean (19:30ean) beste mobilizazio bat deitu dutela Aiaraldeko Greba Batzordearekin (SOS Aiaraldea) batera Laudioko Herriko plazan.

Ingeniaritza bat eztandaren jatorria argitzeko

Langile Batzordeak aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari Vibrantzek ingeniaritza baten zerbitzua kontratatu duela istripuaren arrazoia ikertzeko. Dirudienez, heriotza gertatu zen pabilioia itxi dute eta dena geratu zen moduan utzi dute adituek aztertu dezaten guztia.

Lantegiko jarduerari dagokionez, gaur ere ez dute lan egingo eta enpresak ez du aparteko presiorik sartu lanera itzultzeko. Ordezkari sindikal batek erantsi du litekeena dela zenbait atal (ekoizpenari lotuta ez daudenak, bereziki) ostiralean berriro martxan jartzea, baina nabarmendu du jende askoren egoera psikologikoa ez dela egokia lanpostura bueltatzeko.

Argazkiak eta bideoa: Ixone Rodriguez

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide