Xabier Eguia Basoa enpresari laudioarraren izenak esparru publikora egin du salto aste honetan, Durangoko pisu batetik familia bat indarrez kanporatzen saiatzea leporatu baitio Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
Higiezinen alokairuaren negozioan murgilduta dago Eguia. Rent-to-rent deritzon teknika baliatzen du: pisuak alokatu egiten dizkie jabeei eta erreforma batzuk egiten ditu etxebizitza ahalik eta gela gehienetan banatzeko. Gela bakoitza modu berezituan azpi-alokatzen du ondoren eta, modu horretan, etxea osorik alokatuta lortuko lukeena baino nabarmen diru gehiago eskuratzen du. Bere hitzetan, 400 gela baino gehiago kudeatzen ditu modu horretan, eta 500 euro ingurutan alokatzen du bakoitza.
Informazio hori guztia publikoa da. Eguiak berak sare sozialak baliatzen ditu bere negozio ereduaren xehetasunak partekatzeko eta, bide batez, etxebizitza lege berriei iskin egiteko estrategiak proposatzeko. Izan ere, bere gela propioak kudeatzeaz gain, gazte laudioarrak beste pertsona batzuei ere eskaintzen die gaiari buruzko aholkularitza, negozioan murgildu daitezen.
Xabier Eguiak hainbat pisu kudeatzen ditu eskualdean, baina bere enpresa sarea askoz harago doa.
Sei enpresa eta bi bazkide
Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, Xabier Eguiak hainbat pisu kudeatzen ditu eskualdean, baina bere enpresa sarea askoz harago doa, Durangon azaleratutako kasuak argi utzi duenez.
Merkataritza Erregistroko datuen arabera, enpresari gazteak sei sozietate mugatu (SM) ditu, guztiak azken hiru urteetan sortutakoak:
Rentalegi SM
- Sorrera: 2023ko otsaila
- Helburu soziala: Ostatu turistikoak eta egonaldi laburreko beste ostatu batzuk.
Honako hau da enpresa zaharrena eta, printzipioz, zentrala. Aiaraldea Komunikabideak Xabier Eguiak kudeatzen dituen zenbait gelaren kontratuak ikusteko aukera izan du, eta guztiak daude enpresa horren izenean alokatuta.
Rentalegi Mediterraneo SM
- Sorrera: 2024ko martxoa.
- Helburu soziala: Ostatu turistikoak eta egonaldi laburreko beste ostatu batzuk.
Basoetxe Legacy SM
- Sorrera: 2025eko urtarrila.
- Helburu soziala: Partizipazio eta baloreen kudeaketara bideratutako enpresa.
Egibaso Capital SM
- Sorrera: 2025eko otsaila.
- Helburu soziala: Ondasun higiezinen kudeaketa.
Rentalige VII SM
- Sorrera: 2025eko maiatza.
- Helburu soziala: Ostatu turistikoak eta egonaldi laburreko beste ostatu batzuk.
Inri Projects SM
- Sorrera: 2025eko abendua.
- Helburu soziala: Obrak eta erreformak.
Enpresa gehienen kasuan Eguia da administratzaile bakarra, ez da beste inoren izena ageri zuzendaritzako karguen artean. Baina bi kasuetan Eguia administratzaile solidarioa da, beste bazkide batekin batera.
Rentalegi Mediterraneo SM da bi enpresa horietako bat. Enpresa horretan Marc Mairata Castells da Eguiaren bazkidea. Mairatak beste bi enpresa ditu, biak ala biak Balear Uharteetan kokatuak: Global Realty Management SM eta Flystudios SM. Gauzak hala, Rentalegi Mediterraneo SMren egoitza berez Laudion dagoen arren, litekeena da, izenak iradokitzen duen moduan, Mediterraneo aldean negozioak egiteko sortutako konpainia izatea.

Judimendin salatutako Elige tu cama enpresarekin harremana
Beste kasua Rentalige VII SM enpresarena da. Konpainia horretan Jesus Galindo Villegas da Eguiaren bazkidea. Biak agertzen dira proiektuaren webguneko aurkezpenean. Bertan azaltzen dutenez, bost urte daramatzate higiezinen merkatuan lan egiten, eta "helburu argi batekin" batu ziren: "merkatu berriak irekitzea, ahalmen operatiboa zabaltzea eta eredu arinagoa eta efizienteagoa eramatea hainbat hiritara". Euren hitzetan, 500 gela baino gehiago dituzte alokatuta, arestian aipatutako rent-to-rent sistemaren bidez. Enpresaren egoitza nagusia Logroñon kokatzen dute, enpresaren egoitza fiskala Arakaldon lokalizatuta dagoen arren.
Xabier Eguia Basoak eta Elige tu cama enpresaren buruak 500 gela baino gehiago dituzte alokatuta elkarrekin sortutako Rentalige VII enpresaren bidez, euren hitzetan betiere. Gasteizko Udaltzaingoak Elige tu camaren bulegoa itxi zuen otsailean Judimendin, bertako auzo elkartearen salaketa bat medio.
Gasteiztarra da Galindo eta, Eguia bezala, oso aktiboa da Instagram zein TikToken. Sare sozial horietan partekatzen ditu bere negozio ereduari buruzko xehetasunak, okupazioaren, 2030 agendaren, ekologismoaren edota Pedro Sanchezen etxebizitza politiken aurkako ‘reel’ formatuko bideoekin tartekatuta.
Eguiarekin duen enpresaz gain, beste lau enpresa sortu zituen Galindok iaz: Berri Prime SM, Berri Inmocare SM, Galindo Terra SM, Berri Capital SM.
Bere enpresa zaharrena, aldiz, 2024an sortu zuen: Eligetucama 1996 SL. Konpainia horrek zeresana eman du azken hilabeteetan Gasteizen. Izan ere, otsailean Gasteizko Udaltzaingoak konpainia horrek Judimendi auzoan irekitako lokala zigilatu zuen, bertako auzo elkarteak jarritako salaketa baten ostean. Legezko baldintza teknikoak ez betetzeagatik itxiarazi zuten Galindoren enpresaren bulegoa, hainbat eragilek eginiko salaketa kanpaina baten ostean. Eragile horien hitzetan, Elige tu cama bezalako enpresak “espekulatzaileak” dira, eta “mezu sentsazionalistak” baliatzen dituzte gizarte arrakala "inoiz baino gehiago" handitzeko. Enpresa horrek alokatutako etxeetan “pertsona pilo” bizi direla ere salatu zuten, “oso baldintza txarretan”, horrek elkarbizitza arazoak sortzen dituela gaineratuta.
Xabier Eguiaren adierazpenik ez
Aiaraldea Komunikabidea hainbat aldiz jarri da harremanetan Xabier Eguia Basoarekin gai honi guztiari buruzko bere bertsioa jasotzeko, baina enpresariak ez du adierazpenik egin nahi izan momentuz.