1,8 milioi euroko inbertsio eta hobekuntzak onartu ditu Laudioko udalbatzak, baina ez zor diren hainbat fakturen ordainketa

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 19a

Padel pistan hobekuntza lanak egingo dituzte,

Udal osoko bilkurak lau egitasmo garrantzitsuri eman die argi berdea baina, kreditu aldaketaren txostenean agertutako akatsen ondorioz, ez du onartu hainbat fakturen ordainketa.

Gaur udalbatza mamitsua izan du Laudiok. Izan ere, 1,8 milioi euroko inbertsioak eta hobekuntzarako esku-hartzeei oniritzia eman diete taldeek, baina hezkuntza-zentroetako konponketetarako dirulaguntza proposamena eta fakturen ordainketari lotutako hainbat partida mahaia gainean geratu dira, momentuz.

Oposizioko talde politikoek, kontu hartzailetza txostenetan zenbait akats topatu ostean, horien inguruko eztabaida eta lanketa gehiago egitea eskatu dute. Gogoratu beharra dago EAJk berak arreta deitu zuela atzo tokiko erakundearen zorren inguruan. Udal gobernu taldeak, bere aldetik, oker dauden elementuak ahalik eta lasterren zuzentzea eskatu du, premiaz Udal Osoko Bilkuran berriro lantzeko (ekainaren 29an izango dena). 

Udal gobernu taldeak, bere aldetik, oker dauden elementuak ahalik eta lasterren zuzentzea eskatu du, premiaz Udal Osoko Bilkuran berriro lantzeko.

Laudio Antzokia

Onartu den egitasmoetako bat izan da antzokiaren obraren hirugarren moldaketa. Lanak amaitzen ari diren fase honetan, likidazioari aurre egiteko partida hornitu du Udalak eta ordainketa guztiak amaitutzat emango dira.

Kiroldegian aerotermia

Aurrera egin duen beste proposamenetako bat izan da kiroldegiko gas-galdarak aerotermian oinarritutako sistema batez ordezkatzea, estalkian kokatutako instalazio fotovoltaiko baten bidez elikatuta eta gas-galdara bitarteko laguntzaile gisa baliatuta. Horri esker, energia-kontsumoa %22 murriztea aurreikusi dute, eta kiroldegiak behar duen energia %30ean tokiko jatorri berriztagarrien bidez asetzea. Horretarako, Udalak beharrezko finantzaketa eskatuko du.

Padel pista

Gaurko udalbatzan ahalbidetu dute, halaber, padel pistaren kalitatea eta segurtasuna hobetzea. Herritar ugarik erabiltzen dutenez, hondatuta dago azpiegitura.

Horrez gain, Gizarte Kohesio Arlotik bideratzen duten Bizi programaren aurrekontua handitu dute. Udalerri aktibo eta osasuntsua sustatzea du helburu ekimen horrek eta herritarren osasun biopsikosoziala indartzea ere. Horretarako, osasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzen dituzten ekimen komunitarioak garatzen ditu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide