EAJk aldarrikatu du Azoka plaza berriaren proiektua aurreko legealdian sustatu zuela

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 24a

Azoka plaza berrira joandako bezeroak. / EAJ

Gainera, jeltzaleek eskerrak eman dizkiete postuetako merkatariei, izandako pazientziagatik.

Azoka plaza berria funtzionamenduan dago jadanik eta EAJk oharra zabaldu du hori txalotzeko eta gogoratzeko proiektuak aurreko legealdian egin zuela aurrera, hau da, Ander Añibarro alkate zenean. Ordezkari jeltzaleak azaldu duenez, Europako Next Generation funtsetatik 1,8 milioi euro inguru eskuratzeari esker gauzatu ahal izan da jarduera, EAJk merkatuaren birgaitze integralari eta tokiko merkataritzari lotutako beste proiektu batzuei aurre egiteko lortutako finantzaketari esker.

Alderdi jeltzaleak esker oneko hitzak izan ditu orain bere lantokia han duten merkatarientzat: "Bereziki eskertu nahi dugu prozesu honetan erakutsi duten pazientzia, inplikazioa eta konpromisoa. Egoera zail batera egokitzen jakin dute, bezeroekiko lotura eta Laudioko nortasun komertzial eta sozialaren parte den merkatuaren funtsa galdu gabe".

Eremu berriaren ezaugarriak goraipatu ditu opozisioko taldeak: "Bizitzeko, jarduera ekonomikorako eta gizarte-harremanetarako espazioa da. Haren alde egitea saltoki txikien alde egitea da, zero kilometroko produktuaren alde eta herri eredu bizi eta dinamiko baten alde egitea".

Aldiz, Ander Añibarro oso kritikoa izan da udal gobernuan aritutako taldeekin: "Laudiorako inbertsio historiko bat lortu genuen, eta horri esker, eraldaketa horri ekin ahal izan genion, kostu guztia bizilagunen gain jarri gabe. Eta garrantzitsua iruditzen zaigu hori gogoratzea, agintaldi honen hasieran proiektuaren jarraipena arrisku larrian egon zelako, une hartan EH Bilduk eta Omniak osatutako gobernu-taldearen kudeaketa faltagatik eta atzerapenagatik".

Añibarrok azpimarratu du atzerapenen ondorioz dirulaguntza galtzeko arriskuan egon zela. 

Gogoratu beharra dago inaugurazioa bihar egingo dutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide