Erlantz Miguelez poz-pozik dago 50 urtetik gorako Euskadiko Xake Txapelketa irabazi zuelako hilabete hasieran Zarautzen. Laudio Xake Klubeko kideak azken kanporaketako txartela lortu zuen Arabako bigarren izanda, eta irabaztea ez zegoen bere hasierako asmoen artean.
Izan ere, laudioarrak aitortu duen moduan, herriko kluba indartsua da Araban, baina Bizkaian eta Gipuzkoan puntako taldeak daude.
Gauzak horrela, presiorik gabe parte hartu zuen txapelketan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako beste hamahiru jokalarirekin batera. "Ondo hasi nuen torneoa eta arerio potenteak menperatu nituen. Azken-aurreko errondan txapelketako faboritoari irabazi nion eta hasi nintzen pentsatzen txapeldun izateko aukerak nituela".
Azken txanpara heldu zen Miguelez beste hiru jokalarirekin berdinduta eta bik azken partidan berdindu zuten bitartean, Miguelez gailendu zen.
Poztasun handia
Erlantz Miguelezek ez du ezkutatu oso albiste ona eta ezustekoa izan dela irabaztea. Alde batetik, emaitza txarreko bolada amaitu duelako eta irauli duelako egoera hori psikologikoki.
Bestetik, bere aurkari guztiek zoriondu zutelako eta iruditu zitzaiolako zintzoki pozten zirela beragatik.
Gainera, buruan izan du Laudio Xake Kluba, bere kideek babes mezuak bidali baitzizkioten txapelketa iraun bitartean eta ondoren ere.
Miguelezek uste du garaipenak ikusgarritasuna emango diola taldeari, Itsasne Eguiaren lorpenak bezala, kirola sustatzen jarraitzeko.
Hiru hamarkada baino gehiago xakean
Hala ere, Erlantz Miguelezen garaipena ez da egun bakarreko lana. 1992an ekin zion jokatzeari eta berehala, 17 urterekin, sartu zen Laudio Xake Klubean. Lehen urteetan bere emaitzak ez ziren bereziki onak, baina 2003an Arabako txapeldun absolutua izan zen, 29 urterekin. Geroztik, bigarren eta hirugarren izan da noizbait, baina inoiz ez du berriro arabar onenaren garaikurra bereganatu.
Gainera, Miguelezek ez zuen amesten Euskadiko txapelduna izan zitekeenik, Bizkaian eta Gipuzkoan badaudelako taldeak oinarri sozial oso handiarekin, maisuekin eta babesle garrantzitsuekin.