Udako lehen asteburuak parranda giro nabarmena eraman du Laudiora, sanpedropeko jaiei esker. Ostiraletik larunbatera arte luzatu da Suziri Jai Batzordeak prestatutako egitaraua, Aldai plaza epizentro gisa hartuta. Ohikoan bezala, gaueko kontzertuekin batera, tortilla eta sukalki txapelketa izan da jende gehien erakarri duen jardueretako bat. Ehunka lagun animatu dira kuadrillen jantziak armairutik atera eta abuztuko San Roke jaien "prebiaz" gozatzera.
Txandalarien aurkako erasoak
Dena den, atzoko jaia aurreikusi baino lehenago amaitu zen. Izan ere, txosnan txanda egiten zeuden txandalariak erasotuak izan ziren goizaldeko laurak aldera, Suziri Jai Batzordeak salatu duenez. "Txosnaren aurka kolpeak eman ondoren, arreta deitzean, txandalari bati oldartu zitzaion gazte talde bat, kontua handitu zenean, jipoika hasi ziren", azaldu dute.
Euren hitzetan, "herritik zein herritik kanpoko jendea" egon zen tartean. Jai batzordeko kideek ohartarazi dute horrelako kontuak "ezagunak" direla, eta baita "onartezinak" ere. "Jaiak aurrera eramateko lan egiten duen jendeak ez du inolako erasorik merezi. Herriko jaietarako lan egiten dugun kuadrillakideak gara eta erantzun hauek ezin dira onartu".