Sanpedropeko jaiak ez ziren modu egokian amaitu atzo. Izan ere, txosnan txanda egiten zeuden kideak erasotuak izan ziren goizaldeko laurak aldera, Suziri Jai Batzordeak salatu duenez. "Txosnaren aurka kolpeak eman ondoren, arreta deitzean, txandalari bati oldartu zitzaion gazte talde bat, kontua handitu zenean, jipoika hasi ziren", azaldu dute sare sozialetan zabaldutako komunikatu baten bidez.
Euren hitzetan, "herritik zein herritik kanpoko jendea" egon zen tartean. Jai batzordeko kideek ohartarazi dute horrelako kontuak "ezagunak" direla, eta baita "onartezinak" ere: "Jaiak aurrera eramateko lan egiten duen jendeak ez du inolako erasorik merezi. Herriko jaietarako lan egiten dugun kuadrillakideak gara eta erantzun hauek ezin dira onartu".
Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, txosnako kideei egondako erasoen ondoren herriko beste toki batzuetara zabaldu zen borroka, Herriko plazara edota Nerbioi kalera kasu. Dena den, Ertzaintzak ez zuen inolako esku hartzerik egin.