Zeresana eman dute azken astean Ellakuriko igerilekuek. Izan ere, beroaldi betean, hainbat tartez itxi behar izan zituzten instalazioak, izan kloro maila ez zelako egokia edota gorotz bat agertu zelako.
Enpresa esleipendunak berak oharra zabaldu zuen herritarrei barkamena eskatzeko gertatutako gorabeherek sortutako eragozpenengatik.
Egoera horren aurrean, Laudioko Udalak azaldu du bilera egin duela Ebone enpresarekin eta baita langileen ordezkaritza batekin ere, funtzionamendua hobetzeko akordioak lotzeko asmoz. Bide horretan, hiru konpromiso nagusi hartu dituzte.
Alde batetik, eta igerilekuen ordutegiari dagokionez, eguraldi txarra dagoen edo euria egiten ari den egunetan instalazioak 20:00etan ixtea proposatu du Udalak. Gainontzekoetan, ordea, 21:00tan itxiko dute. Azaldu dutenez, "neurri honen helburua zerbitzuaren kalitatea eta langileen lan-baldintzen hobekuntza uztartzea da, instalazioen ohiko erabilera eragozten duten eguraldi-baldintzetara egokituz".
Bestalde, Udala izango da langileen eta enpresaren arteko bitartekaria. Horrela, helburua da bi aldeen arteko komunikazioa erraztea, ulermena sustatzea eta planteatutako gaien jarraipen egokia bermatzen laguntzea. Horrez gain, hartutako akordioen jarraipena egingo du tokiko erakundeak, horiek behar bezala bete daitezen.
Azkenik, Ebone enpresak konpromisoa hartu du zerbitzua bere osotasunean ematen dela bermatzeko, eta horretarako ziurtatu du instalazioak beharrezko baliabide tekniko eta materialez hornitu eta langileek beren lana ahalik eta baldintza egokienetan garatu ahal izateko beharrezko baliabideak eskainiko dituela.
Bileran parte hartu duten alde guztien "prestasuna eta jarrera eraikitzailea" eskertu nahi izan du Udalak, eta adierazi du agerian geratu dela "herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzen jarraitzeko eta etengabe hobetzeko" borondatea.