Bost orduko plenoa 28 inbertsio proposamen bozkatzeko (eta batzuk soilik onartzeko)

Txabi Alvarado Bañares 2026ko uztailaren 2a

Asteleheneko plenoko irudi bat. / Laudioko Udala

Udal gobernuaren eta opozisioko talde politikoen arteko eztabaida sutsuak markatu zuen ekaineko Udal Osoko Bilkura. 

Luzea izan zen Laudioko asteleheneko Udal Osoko Bilkura. Bost ordu iraun zituen, eta 38 puntu eztabaidatu eta bozkatu ziren guztira. Udal-aurrekontuko kredituak aldatzeko espedienteak izan ziren gehienak. Modu horretan, hainbat inbertsio proposamen jarri ziren mahai gainean. Horietako batzuk aurrera atera ziren eta beste batzuk, aldiz, ez zuten gehiengoaren babesa jaso. 

Laudioko Udalak berak azaldu duenez, honako hauek dira aurrera atera ziren egitasmoak, besteak beste:

  • Lautxirrinka taldearentzako dirulaguntza.
  • Eskubaloi Klubaren 50. urteurrena ospatzeko partida.
  • Haurreskolarako ekipamendua.
  • Gaztelekuko hornidura.
  • Landaluze 27ko lokaleko obrarako partida.
  • Arrañoko hirugarren sarbidea.
  • Udal mailako telekomunikazio-sistema berritzeko partida.
  • Berrikusi aplikazioa.
  • Tokiko merkataritza sustatzeko baliabideak.

Honako hauek, aldiz, ez zuten babes nahikorik lortu:

  • Asfaltatze lanak.
  • Plan sanitarioa.
  • Santa Ana baserrian baserri-eskola bat egiteko azterketa.
  • Baserritarren azoka indartzeko partida.
  • Ermualderako itxitura eta panel informatibo berriak.
  • Udaleko guardien lan-baldintzak hobetzeko partida.
  • Ugarteko petanka pista.
  • Anbulatorio zaharra libratzean eraikinak dituen aukera sozialak, hala nola, gizarte zerbitzuak edo adinekoentzat espazioa egiteko azterketa.
  • Alberto Acero inguruan aparkaleku bat egiteko azterketa.
  • Herriko amiantoa kentzeko partida.

Oposizioko taldeekin eztabaida

Oposizioko hiru taldeek (EAJk, PSE-EEk eta Omniak) lehen puntutik utzi zuten argi ez zutela proiektu guztien alde bozkatuko, eta hasieratik adierazi zuten ez zeudela puntuak modu horretan aurkeztearekin ados. PSE-EEk planteatu zuen egokiena inbertsio guztiak aurrekontu-proiektu oso baten barruan negoziatzea zela, eta akordioetara iristeko borondatea plazaratu zuen, nabarmenduta kreditu aldaketa ezin zela “ohiko instrumentu” bilakatu inbertsioak onartzeko. 

Omnia askoz kritikoago mintzatu zen udal gobernuarekiko. Adierazi zuen amaitu zela udal gobernuari “txeke zuriak” emateko garaia. Izan ere, nabarmendu zutenez, inbertsioetako asko ez zeuden zehaztuta eta, ondorioz, ez zegoen egingo ziren edo modu egokian garatuko ziren bermerik. 

Oposizioko hiru taldeek lehen puntutik utzi zuten argi ez zutela proiektu guztien alde bozkatuko, eta lehen unetik adierazi zuten ez zeudela puntuak modu horretan aurkeztearekin ados.

Antzeko hitzak baliatu zituen EAJk ere. Alderdi jeltzaleak oharra plazaratu du plenoan jazotakoa kritikatzeko. Izan ere, bere ustez, EH Bilduko kideek “tonu zakarra eta deskalifikazioak" baliatu zituzten, udalbatza "konfrontazio ariketa" bihurtuz "kudeaketa falta estaltzeko". Jeltzaleek uste dute "kontakizun politiko bat eraikitzeko estrategiak" markatu zuela asteleheneko plenoa, eta nabarmendu dute eurek "jarrera arduratsua" izan zutela horren aurrean, "proposamen bakoitza udalerriaren interes orokorretik aztertzeari begira, eta ez liskar politikotik". 

EAJko kideek plenoan bertan argudiatu zuten iaz onartutako hainbat partida ez direla oraindik burutu. Oharrean, aldiz, kalkulu zehatzagoa plazaratu dute. Euren hitzetan, onartu ziren aurrekontu-aldaketetako 500.000 euro inguru jada barnebilduta zeuden iazko plangintza ekonomikoan, baina gobernu-taldea "ez zen gauza izan" horiek egikaritzeko. "Kezkagarriena ez da Osoko Bilkurara berriro ekartzea bakarrik, dagoeneko eginda egon beharko luketen inbertsioez ari gara. Agindu honen ezaugarri den kudeatzeko ezintasunaren beste adibide bat da", ohartarazi du Ander Añibarro zinegotziak. 

EH Bilduko kideak ere kritiko azaldu ziren plenoan gainontzeko taldeen jarrerarekiko. Ainize Gastaka alkateak nabarmendu zuen zinegotzi guztien ardura dela aurrekontuak aurrera ateratzea, eta inbertsioak blokeatzea leporatu zien oposizioko taldeei. EAJk bere aldetik, nabarmendu zuen Udal Gobernuak aukera daukala inbertsio batzuk alkatetza-dekretuen bidez aurrera ateratzeko, “errudunak etengabe bilatzen” aritu ordez. 

Asteleheneko plenoko eztabaida ez zen talde politikoen artera mugatu. Landaluze 27ko lokalaren prozesu parte hartzailean inplikatutako bizilagunek ere hartu zuten hitza udalbatzan.

Eztabaida bizilagunekin ere

Dena dela, asteleheneko plenoko eztabaida ez zen talde politikoen artera mugatu. Landaluze 27ko lokalaren prozesu parte hartzailean inplikatutako bizilagunek ere hartu zuten hitza udalbatzan, eta eztabaida izan zuten Omniarekin batez ere, udal gobernuagatik instrumentalizatuak izaten ari zirela iradoki zutenean. Alderdi laudioarrak proiektu horren aurka bozkatu zuen, baina EAJ eta PSE-EEk abstentzioaren bidea hartu zuten, eta modu horretan egin zuen aurrera egitasmoak. 

Plenoaren balantzea eginez, Udal gobernu taldeak azaldu du “estrategikotzat” jotzen dituela mahai gainean geratu ziren proposamen guztiak, eta “lanean” jarraituko duela, “etorkizunean gauzatu ahal izateko”. 

Adostasuna nagusi plenoaren azken zatian

Kreditu-aldaketak igarota, plenoaren azken zatian eztabaidatu ziren puntuek adostasun zabalagoa izan zuten. Laudioko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana onartu zen, eta baita Omniak aurkeztutako babesleku klimatikoei buruzko mozioa ere. Horrez gain, energia berriztagarrien kanonaren inguruko mozioa aurkeztu zuen udal-gobernuak, eta horrek ere jaso zuen gehiegoaren babesa. Bukatzeko, EAJk eta EH Bilduk mozio bateratua aurkeztu zuten Foruen Abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena direla eta, eta hori ere atera zen aurrera.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide