Asteazkenean izan zen Tubacexeko zuzendaritzak ezarri nahi duen aldi baterako lan erregulazioaren kontsulta fasearen azken bilera, ELAk azaldu duenez. Sindikatuak salatu du enpresak ez duela kontsulta epea luzatu nahi izan eta, ondorioz, bilera akordiorik gabe amaitu dela.
Langile erakundeak salatu du multinazionalak "azken egunera arte" itxaron duela behargien ordezkariek eskatutako dokumentazioa aurkezteko. Gauzak hala, sindikatuak uste du konpainiak ez duela "seriotasunik ezta fede onik izan"; eta, horregatik, helegitea prestatuko duela iragarri du.
Ekainaren hasieran iragarri zuen Tubacexek Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea aurkeztuko zuela. 2017ko martxora arte luzatu nahi du neurria, eta 95 eguneko eragina izango luke langile bakoitzeko. Zuzendaritzak aipatu du Ukrainiako eta Irango gerrek, Txinako lehiakideek eta Ameriketako Estatu Batuetako muga zergek bultzatu diotela erabakia hartzera.