Laudioko EAJko udal taldeak oharra plazaratu du legionella bakterioaren presentzia mailagatik tokiko lau azpiegituretan. Jeltzaleak uste dute "hasiera-hasieratik helarazi behar ziela eskura zegoen informazio guztia udal-taldeei, garrantzi bereziko gai baten aurrean erantzun instituzional koordinatua emanez".
Halaber, oposizioko taldeak ezinbestekotzat jo du Udalak arazoaren norainokoari eta lanen bilakaerari buruzko informazio argia ematea. Horregatik, jakin nahi dute noiz detektatu zen bakterioa, zer emaitza eman zituzten egindako kontrolek, zer desinfekzio-jarduketa egiten ari diren, erabiltzaileentzat arrisku gehigarriren bat dagoen eta zein epe aurreikusten dituzten kaltetutako instalazioetan normaltasuna berreskuratzeko.
EAJk aipatu du espero duela abiatutako jarduketek aukera emango dutela eragina ahalik eta lasterren konpontzeko eta beste udal-instalazio batzuetan eraginik ez izateko.
Informazioa larunbatean
Udal gobernu taldeak larunbatean jakinarazi zuen legionellaren presentzia zegoela lau azpiegitura publikotan eta gezurtatu zuen horietako bat igerilekuak izatea. Izan ere, sare sozialetan zabaldu zen bulo hori.