Iaz sartu zineten zuek Suziri Jai Batzordearen antolakuntza taldean buru belarri, beste kide batzuekin batera. Nola eman zen belaunaldi aldaketa?
Tasio Aranzabal Alonso: Erronka gogor bat bezala hasi genuen. Aurreko belaunaldian egon zirenak lan paregabea egin zuten. Oso erreta amaitu zuten eta gu sartu ginen gure printzioetatik abiatuz lan polit bat egiteko eta kuadrillen artean lana gehiago sustatzeko.
Jon Fombellida Goitia: Nik uste dut aurreko urteetan hainbeste lan egiten zutela ez zela egon irakaste prozesu bat, ez genuen lortzen jendea animatzea antolakuntzan egotera. Orduan sartu ginen gu, behar bat zegoelako. Horregatik, guk lortu nahi dugu hemendik aurrera errelebo hori naturalki ematea. Baina, momentuz, hemen gaude.
Printzipio batzuen arabera aritzea eta parte hartzea sustatzea aipatu dituzue helburu moduan. Jaiak jaiak dira soilik, edo badute bestelako funtzio bat?
J.F.G.: Jaiak, jaiak izateaz gain, herrigintza dira. Badira espazio bat zeinetan adin ezberdinetako jendea batzen den eta lortzen dugun elkarrekin gauzak aurrera ateratzea. Baina beste balore batzuk ere jarri nahi genituen mahai gainean, izan elkartasuna (Maderas de Llodioko langileekin edota Palestinarekin, adibidez). Euskarari ere saiatu gara garrantzi berezia ematen, ikusten genuelako jai batzordetik aukera genuela euskara horrelako espazioetan normalizatzeko, pixka bat galtzen ari baitzen.
"Jaiak, jaiak izateaz gain, herrigintza dira. Badira espazio bat zeinetan adin ezberdinetako jendea batzen den eta lortzen dugun elkarrekin gauzak aurrera ateratzea"
Zertan islatzen dira balio horiek?
J.F.G.: Aurtengo Sanpedropekoetan, adibidez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ekarri ditugu. Hori izan da eskua luzatzeko gaztetxoei, erakusteko Suziri Jai Batzordea ez dela soilik gure adin tartekoentzat gauzak prestatzeko. Euskararen erabilerari dagokionez, gure artean normaltasunez erabiltzen ahalegintzen gara, eta saiatzen gara izaten pertsona batzuk erreferentzialtasun puntu bat dutenak euskararekiko, erakutsiz ez diogula inori inposatzen, baizik eta gure hizkuntza dela gauzak antolatzeko. Modu horretan lortzen dugu euskarak bestelako presentzia izatea jai-giroan.
Iazko Made In Laudio ekimena da horren adibide. Iraganean ia guztiz gazteleraz zen egitasmo hori, eta euskara hutsez egitera pasa zineten.
T.A.A.: Gure ekitaldi guztiak euskaraz izan behar dira, printzipioz. Made In Laudioren adibidea oso ona da. Duela hamar urte gazteleraz egiten zen ekimen bat euskaraz egitera pasatzea izan da benetako pauso bat, zeinen bidez progresiboki euskara sustatzen gabiltzan.
J.F.G.: Euskara egunerokotasunean eta horrelako espazioetan erabiltzeak badauka beste xarma bat. Herri honetan jende askok ikasten du euskaraz, baina falta zaigu lehen harremana euskaraz izateko urratsa ematea. Erreferentzialtasuna pixka bat faltsua da, ez garelako inorentzat erreferente. Baina, antolakuntzaren parte garen heinean, saiatzen gara euskaraz naturaltasunez hitz egiten.
Bi kuadrilla berri batuko dira batzordera aurten. Nola ikusten duzue belaunaldi berrien mugimendu hori?
T.A.A.: Saiatu behar gara kuadrilla berriekin lanketa egiten. Nik, adibidez, etxetik jaso dut herritik herriarentzat gauzak egitearen ohitura, nire amarengandik edo lehengusuengatik. Baina kuadrillan ikusi dezaket ohitura hori ez dagoela. Lanketa bat egin behar dugu hori sustatzeko. Bestela, aurreko lan-taldea bezala, oso goiz erreko gara.
"Ondo daude kuadrilla berriak, asko gustatzen zaizkigu, bizitza pilo ematen diote herriari, baina uste dut hurrengo urteetan errelebo lana egiten saiatu behar garela, kuadrilla zaharrak berriztuz eta horiei bizitza berria emanez"
J.F.G.: Parte hartzearen aferak badu zerbait konfiantzatik. Ez datza gauzak egitera behartzean, baizik eta jende berria baloratzean, konfiantza puntu bat ematean eta laguntzeko ohitura sortzean. Kuadrilla berriena bada erronka bat guretzako, ikusten ari garelako pasa garela kuadrilla zaharretan sartzetik kuadrilla berriak sortzera. Ondo daude kuadrilla berriak, asko gustatzen zaizkigu, bizitza pilo ematen diote herriari, baina uste dut hurrengo urteetan errelebo lana egiten saiatu behar garela, kuadrilla zaharrak berriztuz eta horiei bizitza berria emanez. Hiruzpalau kuadrillako kontu bat izaten amaituko dugu bestela.
Zer prestatu duzue kuadrilletatik aurtengo sanrokeei begira?
T.A.A.: Udalarekin zein Txosna Batzordearekin elkarlanean aritu gara, ekintzak elkarren artean ez zapaltzeko. Aurreko urteetan batzuen eta besteen ekintzak gainjarri dira. Hori da gehien nabarmendu nahi duguna, programazio berdinarekin jarraituko baitugu. Udalarekin akordioak egin ditugu, DJ Blessive lotzeko gaztetxoentzat Baserritar Eguneko arratsaldean, adibidez. Horregatik, une horretan genuen kalejira orduz aldatu dugu, ez gainjartzeko.
J.F.G.: Hori da. Berritasun gutxi egongo dira programazio aldetik, baina saiatu nahi dugu elkarlan gehiago sustatzen kuadrillen artean. Ekintzetako batzuk hainbat kuadrillen artean antolatuko dira eta saiatuko gara kontu txikiak mimo eta denbora gehiagorekin egiten.
Prozesuari garrantzia eman nahi diozue, beraz.
J.F.G.: Bai. Gure lehen urtea denez ardura honekin nahi dugu antolakuntza prozesua erraza izatea, parekidea. Lan asko dago egiteko, baina lana jende ezberdinaren artean banatuz gero uste dut horrek beste xarma bat ematen diola nahiz eta ekintzak antzekoak izan.