Aretako Jai Batzordeak urte luzez herriko festetan ekarpena egin duen ARATE elkartea omenduko du aurten, elkarteko kideei txupinazoa jaurtitzeko ohorea eskainiz. Arabako Artzain Txakurren Aldeko Elkartea da ARATE.
Duela 50 urte baino gehiago dira Aretan artzain txakurren erakusketak antolatzen direla. Fidel Alonsok gogoan du egun txosnagunea jartzen den zelaian egindako erakusketa baten argazki zaharra ikusi izana nonbait. Jose Ramon Iriondo, Elortegi… asko dira erakustaldien atzen aritutako artzainak. Gaur egun ARATE elkarteko lagunak dira Santa Ana inguruko zelaian ekitaldia mimoz antolatzeaz arduratzen direnak. Jaietako ekintza enblematiko bilakatu dira, dozenaka lagun elkartzen dira bertan artzaintzaren ofizioaz, mokaduaz eta bertsoez gozatzeko.
Artzaintza aldarri
1993an sortu zen ARATE elkartea, aurretik artzain txakurren erakusketa eta txapelketak antolatzen zuten horien guztien lekukoa harturik. Arabako txapelketa da antolatzen duten ekitaldirik handiena. Hain zuzen ere txapelketa horretan ebazten da nork ordezkatuko duen Araba Euskal Herriko Txapelketan zein Oñatiko Nazioarteko Txapelketan. Euskal Herritik kanpo ere Herrialde Katalanetara ere bidali dituzte artzain eta txakurrak ARATE elkartearen bidez.
Elkartearen helburu nagusia, ordea, txapelketa eta erakusketetatik haratago doa: artzaintzaren ofizioa ezagutaraztea eta aldarrikatzea. “Lehen sektoreak Aiaraldean eta Araban suposatzen duena erakutsi nahi dugu. Erakutsi nahi dugu artzaintza ez dela kontu bukolikoa”, nabarmendu du Eba Alonso elkarteko kideak.
Garaiak aldatuz doaz, eta artzain txakur erakustaldien osasuna ona bada ere, ofizioan aritzeko jendea falta da. “Geroz eta gutxiago dira abeltzaintza lanbide hartzen dutenak, lan sakrifikatua da”, azaldu du Fidel Alonsok.
Eskarmentua
Artzain txakurren txapelketetan eskarmentua duen artzaina da Fidel Alonso aretarra. ARATEko kidea ere bada, eta berari dagokio elkarteak antolatutako ekitaldietan artaldea jartzea.
Gogoan du txapelketetan hasi zenean askoz gehiago zirela artzainak: "1990eko hamarkadan hasi nintzen eta 2007ra arte ez nuen lehenengo txapela irabazi Ganekogortan abandonatuta topatu nuen Aurki txakurrari esker. Asko eta maila altukoak ziren nire aurretik zeudenak". Bigarren eta hirugarren postu ugari ditu palmaresean, bai eta Oñatiko Nazioarteko Txapelketa entzutetsuan, Lis txakurraren laguntzaz, 2023an lortutako lehen postua ere bai.