Tubos Reunidoseko lehen seihilekoko emaitza ekonomikoen gaineko irakurketa plazaratu du ESK-k. Izan ere, iragan astean jakinarazi zen Amurrioko multinazionalak 88 milioi euro galdu dituela urteko lehen txanpa horretan.
Sindikatuaren arabera, emaitza horiek enpresaren “egoera larria” baieztatzen dute baina, era berean, baita “zorra eta likidezia nahikorik ez izateko arriskua greba baino lehenagokoak zirela” ere.
Era berean, langile erakundeko kideen iritziz, datu ekonomiko berriek gezurtatu egin dute Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztearen beharrezkotasuna. Izan ere, gogorarazi dutenez, zuzendaritzak 9,1 milioi euro aurreztea kalkulatzen zuen kaleratze kolektiboa ezarrita, baina ez zuen “zorra birnegoziatzen, ez zuen finantzaketa berririk ekartzen, ez zuen merkaturik lortzen eta ez zuen industria-bazkiderik erakartzen”.
Horri lotuta, gogorarazi dute enpresaren bideragarritasun planak bestelako neurri batzuk ere jasotzen zituela, eta konpainiak berak aitortu zuela ez zituela aurreikusitako emaitzak lortu. Gauzak hala, ESKren aburuz, hartzekodunen konkurtsoa ez zen enplegu espedientea bertan behera uzteagatik iritsi, “enpresa-estrategiaren porrotagatik baizik”.
Gauzak hala, langile erakundeak beste behin aldarrikatu du espediente hori ez zela “ezinbestekoa enpresaren jarraipenerako”, ez zituelako konpainiaren “egiturazko arazoak konpontzen”. Ondorioz, eginiko grebaren defentsa egin du sindikatuak, aldarrikatuz “gatazka eragin duenak” ezin dituela gero “beren burua defendatzen dutenak kriminalizatu”.
Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren hainbat jokabide ere salatu ditu ESKk, konkurtsoa “eskubideak atzeko atetik murrizteko” baliatzen ari dela nabarmenduta.
Eskubide murrizketak “atzeko atetik”
Emaitza ekonomikoen gaineko irakurketa egiteaz gain, Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren hainbat jokabide ere salatu ditu ESKk, konkurtsoa “eskubideak atzeko atetik murrizteko” baliatzen ari dela nabarmenduta.
Alde batetik, norberaren aukerako egunak baliatzeko eskubidea “alde bakarrez blokeatzea” egotzi dio multinazionalari, “konkurtsoaren aurreko zorra direla argudiatuta”. Sindikatuak hori gaitzetsi du, argudiatuta egun horiek ez direla “ordaintzeke dauden diru-kopuruak”, enpresak ezarritako antolaketa-neurriek eragindako kaltea “konpentsatzeko emandako denbora baizik”.
Bestetik, “lan-egutegiak, ordutegiak eta txandak aldatzea” ere leporatu diote enpresari, “legeak ezarritako prozedura bete gabe”. Azaldu dutenez, “langileen ordezkaritzak uko egin zion lan-baldintzen funtsezko aldaketa hori atzeko atetik legitimatzeari. Bi aste baino gehiago igaro ondoren, enpresak ez du kontsulta-aldia hasi ere egin”.
ESK-k salatu du bere ordezkari bati disziplina-espedientea ezarri diotela “sare sozialetan iritzi sindikalak argitaratzeagatik”, eta enpresak “kanal etikoa” deritzon tresna baliatu duela “greban aktiboki aritu diren hainbat langile eta ordezkari sindikal presionatzeko”.
Horrekin batera, “osasun-zaintza, lan-istripuen arreta eta prebentzio-medikuntza” kanporatzea ere deitoratu du ESK-k, maiatzean salatu zuen ildotik. “Enpresa ez da saiatu konpainia utzi duten osasun-langileak ordezkatzeko inor bilatzen ere, eta egoera baliatzen ari da plantillaren osasun-kudeaketa erabat azpikontratatzeko”, salatu dute langile erakundeko kideek.
Disziplina-espedientea ESK-ko kideei
Bukatzeko, ESK-k salatu du bere ordezkari bati disziplina-espedientea ezarri diotela “sare sozialetan iritzi sindikalak argitaratzeagatik”, eta enpresak “kanal etikoa” deritzon tresna baliatu duela “greban aktiboki aritu diren hainbat langile eta ordezkari sindikal presionatzeko”.
Hori guztia kontuan hartuta, “industria-proiektu bat” eskatu du ESK-k, “enplegua, lantegi guztien jarduera, altzairutegia, logistika, inbertsioak, hitzarmen kolektiboak, lan-osasuna eta borrokaz eskuratutako eskubideak bermatuko dituena”. Horrekin batera, ziurtatu dute ez dutela “txeke zuririk” emango murrizketak inposatzeko.