Aita-santuaren bedeinkapen apostolikoa jaso du Josune Ibarra Orueta San Roke Kofradiako maiordomordeak

Txabi Alvarado Bañares 2026ko abuztuaren 16a

Erakunde laudioarrean egiten duen lana goraipatu nahi izan dute horrela. Josu Ortiz Delgado konposatzaileak eta Onenimo Diaz Hernandez historialariak jaso dituzte ohorezko pitxerrak. 

Sorpresa handi batekin amaitu da San Roke Kofradiaren ohorezko aipamenen ekitaldia. Ohiko pitxerren banaketa eta ohorezko bestelako aipamenak egin ostean, Leon XIV aita-santuaren bedeinkapen apostolikoa jaso du Josune Ibarra Oruetak. Modu horretan eskertu nahi izan dute Kofradiako kideek erakunde horretako maiordomordeak egiten duen lana. “Bera arduratzen da paper eta akta guztiak ordenan mantentzeaz. Berak egiten du lan guztia eta nik jasotzen dut meritua”, aipatu dio Jose Maria Castillok maiordomoak Aiaraldea Komunikabideari. 

Hain zuzen, paradoxikoki, Josune Ibarra Orueta bera arduratu da bedeinkapen apostolikoa tramitatzeko kudeaketa lanak egiteaz, baina egiatan berarentzat zela jakin gabe. “Akats bat dela pentsatu dut, egiatan Kofradiaren izenean joan beharko litzatekeelako”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari, “baina gero ikusi dut nire familia zetorrela loreak ematera”. Dena dela, behin omenaldia amaituta ere, aitortza Kofradia osoarena izan beharko litzatekeela defendatzen jarraitzen du sutsuki. 

Josu Ortiz Delgado konposatzaile eta orkestra zuzendariak eta Onenimo Diaz Hernandez historialariak jaso dituzte ohorezko pitxerrak, baina aipamen berezia egin diete baita Felix Mugurutza eta Natxo Arana Urquijori.

Ohorezko pitxerrak

Ekitaldiaren gainontzeko zatiak, aldiz, aurreikusi moduan burutu dira. Josu Ortiz Delgado konposatzaile eta orkestra zuzendariak eta Onenimo Diaz Hernandez historialariak jaso dituzte ohorezko pitxerrak. Lehenaren kasuan, “etorkizun handiko konposatzailea” dela nabarmendu dute. “Espero dugu adimen artifizialak ez diezaiola arrakastaz betetako bizitza oztopatu”, adierazi du Castillok, eta “bere herriaz inoiz ez ahazteko” gonbita luzatu dio musikari gazteari. 

Diaz Hernandezen kasuan, aldiz, Kofradiaren alde egin duen lan guztia goraipatu dute, historiaren berreskurapenaren esparruan batez ere. Horrez gain, munduan zehar ere beste ikerketa batzuetan parte hartu duela ere nabarmendu dute, eta baita liburu ugari idatzi eta doktorego tesi ugari zuzendu dituela ere. “Ez dakigu nondik ateratzen duen gizon honek denbora hori guztia egiteko”, nabarmendu du Castillok. 

Beste bizilagun batzuei ere egin diete aipamena Lamuzako San Pedro elizan eginiko ekitaldian. Alde batetik, publikoki zoriondu dute Felix Mugurutza, Lamuzako jauregiaren eta Urquijo Markesen inguruan Udaletik antolatutako hitzaldi zikloagatik. Bestetik, Natxo Arana Urquijori ere eman diote pitxerra, bere familia osoaren izenean. Izan ere, nabarmendu dutenez, bere arbasoek presentzia nabarmena izan dute erakunde laudioarrean, eta baita berak ere.

50 urte Kofradian

Gainera, urtero bezala, urrezko intsigniak banatu dizkiete Kofradian 50 urte igaro dituzten kideei. Hauek izan dira aurten:

  • Jose Maria Aiz Larisgotitia
  • Jose Luis Bengoa Escalza
  • Rafael Ispizua Bengoa
  • Aitor Urquijo Oleaga
  • Agustin Diaz de Cerio Guerrero
  • Mikel Ortega Aspuru

Gainera, iazko abuztutik sendu diren kofradeak ere izan dituzte gogoan:

  • Juanito Molinuevo Perea
  • Felix Bengoa Etxebarri
  • Gerardo Atxa Uruijo
  • Iñaki Casanova Letona
  • Juan Antonio Urquijo Espada
  • Eduardo Arana Perez
  • Josu Bengoa
  • Pedro Luis Mendivil Ibañez
  • Vicente Urquijo Etxebarria
  • Carlos Eguia Ferry

Juanjo Salazar maiordomo ohiak ere hartu du hitza, Kofradiari buruzko iruzkin historiko bat egin eta jada bizirik ez dauden kideak oroitzeko. 

Urtero bezala, Udaleko zein Aldundiko ordezkari politiko ugari bertaratu dira ekitaldira. Gauzak hala, Jose Maria Castillok abagunea baliatu du “arabar guztiak berdin tratatuak izatea” eskatzeko Iñaki Gurtubai Artetxe diputatuari. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide