Ondo Etorri elkarteak jaso du Urrezko Katxia, urtean zehar egindako lanaren aitortza. Laudioko Txosna Batzordeak balioan jarri nahi izan du horrela kale-egoeran dauden pertsonei laguntzen eta narratiba arrazistari aurre egiten elkarteak egindako jarduna.
Izan ere, "beharrizanetik" eta aipatutako helburu bikoitz horrekin sortu zuten Ondo Etorri iazko udaberrian, Laudion eta Aiaraldean "kale-egoeran eta muturreko prekarietatean" bizi ziren hainbat pertsona zeudela ikusita.
Ia hasieratik ekin zioten ostegunero biltzerari, Herriko Plazako arkupeetan lehenbizi eta Orbeko Etxean ostean. Bertan, mahai baten bueltan afaltzeko elkartzen dira dozenaka lagun, eta afaria baino askoz gehiago partekatzen dute.

Txosna Batzordearen aitortza jasotzerakoan, harrera elkarteko kideek gogorarazi dute "benetako segurtasun eza giza duintasuna bermatzen duten oinarrizko beharrizanak asetu gabe dituzten pertsonak" egotea dela eta ez "zabalduz doazen bulo eta diskurtso arrazistek sustatzen dutena".
Zentzu horretan, ekintza komunitarioa aldarrikatu dute "gorroto, diskriminazio, arrazakeria, islamofobia, desbertdintasun eta espekulazioaren aurrean" eta herritarrak gonbidatu dituzte osteguneroko hitzordura.


