Agroekologiaren aldeko Udalerrien Sareko kide izango da Laudio

Maider Ramirez Martin 2026ko irailaren 2a

Oleta baserriko produktu agroekologikoak Laudioko azokan. / Aiaraldea.eus

“Lehen sektorearen benetako arazoak konpontzeko tresna gehiago” izango ditu horrela tokiko erakundeak. Ekintza ezberdinez osatutako programa planteatu nahi dute erronka zehatzei aurre egiteko.

Lehen sektoreak bizi duen egoerari erantzuteko estrategia abian du Laudioko Udalak, eta Agroekologiaren aldeko Udalerrien Sareko kide izango da, astelehen honetako osoko bilkuran proposamena aho batez onartu ostean.

Ludi Temiño zinegotziaren arabera, “arazo zehatzak” dira konponbidea behar dutenak, hala nola nekazaritza-jardueraren galera, sektorearen zahartzea, belaunaldien arteko erreleborik eza, lurra eskuratzeko zailtasunak, edo lursailen abandonua. 

Horretarako, ekintza zehatzak bilduko dituen programa proposatu dute, eta hainbat ekimen abiatuko dituzte horretarako, besteak beste, “Ellakuriko baratze ekologikoak indartzea, lur-aktiboko banku bat sortzea, Santa Ana baserri-eskola posible gisa berreskuratzea edota udal-lurrak alokatzea”.

Laudioko Udala Agroekologiaren aldeko Udalerrien Sareari atxikitzeari esker, “lehen sektorearen benetako arazoak konpontzeko tresna gehiago” eskuratuko ditu Udalak, Ludi Temiño zinegotziak azaldu duenez.

Hortaz, aho batez onartu dute proposamena talde politiko guztiek. Omniak, dena den, boza eman aurretik argi utzi du bere lehentasuna gertutasuna dela “eta ez agroekologia”. “Hemengo baserritar eta abeltzainek hemen egiten dute lan eta hori bultzatu beharra dago ekologikoa izan ala ez”, adierazi du Jakinda Artaraz bozeramaileak.

Agroekologiaren aldeko Udalerrien Sarea

Agroekologiaren aldeko Udalerrien Sarea Espainiako tokiko erakundeek osatutako elkartea da. Tartean, ingurumena errespetatu, herritar guztientzako eskuragarria izango den janari osasungarria ziurtatu eta tokiko enplegua sustatuko duten dinamikak sortzea du helburu. 

Hainbat udalerrik osatzen dute sarea eta Urduña, kasu, zuzendaritza batzordearen parte da. Bertan egin ziren iazko urteroko topaketak, azaroan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide