Laudioko Udalak ludoteka zerbitzuaren eskaintza handituko du, inskripzio kopuru handia dela medio

Aitor Aspuru Saez

Herritarren parte hartzea sustatu nahi du Udalak ludoteka zerbitzua definitzeko. / Aiaraldea.eus

Irailaren 22an bilera irekia egingo du Udalak 2 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familia interesdun ororekin erabilera anitzeko gelan.

Laudioko Udalak jakinarazi du programa pilotua abiatuko duela ludotekan, egon den inskripzio kopuru handia dela eta. Hasieran 12 plaza eskaini zituen, baina orain 42 lagun egon ahalko dira zerbitzuan. 

"Izena emateko epea ireki ondoren jasotako eskaerak ikusita, ludotekaren eredua egungo beharretara egokitzeko beharra antzeman du Udalak. Horregatik, aurten, zerbitzua planteamendu berri batekin jarriko da martxan", azaldu du tokiko erakundeak.

Erabiltzaile kopurua berrikustearekin batera, planteamendu pedagogikoa, materialak, jarduerak eta espazioaren erabilera ere aztertu dituzte berriro. "Haur bakoitzaren erritmoa, beharrak eta interesak errespetatuko dituen espazioa eskaini nahi dugu”, azaldu du Carmen Altuna zinegotziak.

Zerbitzua 2 eta 10 urte bitarteko haurrentzat izango da (2016 eta 2023 artean jaiotakoentzat), eta 4 urtetik beherako haurrek heldu batekin egon beharko dute.

Udal taldeak atzo Gizarte Kohesio arloko batzordean aurkeztu zituen proposamen berriaren xehetasunak, eta familiak bilera orokor batera deituko ditu, irailaren 22an, 17:30ean, Herriko plazako Erabilera Anitzeko Gelan. Saio honekin, zerbitzuaren funtzionamendu berria azaltzeaz gain, familien iritziak, beharrak eta proposamenak jaso nahi dituzte.

Planteamendu berriarekin, ludotekak bi monitore izango ditu eta gehienezko aforoa 42 pertsonakoa izango da, haurrak zein helduak kontuan hartuta.

Berez, Udalak azpimarratu du herriak behar duen ludoteka sortzeko (autonomia eta jolasa sustatuko dituena) herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela prozesuan eta bileran: "Ludotekaren etorkizuna ezin dugu bulego batean bakarrik diseinatu".

Eredu berria

Planteamendu berriarekin, ludotekak bi monitore izango ditu eta gehienezko aforoa 42 pertsonakoa izango da, haurrak zein helduak kontuan hartuta. Ordutegia 17:00etatik 19:45era izango da astelehenetik ostegunera, eta ostiraletan 17:30etik 19:30era.

Ludoteka erabiltzeko aldez aurretik izena eman beharko da. Izena emandako familiek zerbitzua egunero erabili ahal izango dute, plazak bete arte eta ezarritako aforoa eta zerbitzuaren funtzionamendua errespetatuz betiere.

Udalak aurtengo ludoteka proiektu pilotu gisa planteatu du. Bere hitzetan, horrek zerbitzuaren funtzionamendua martxan dagoen bitartean aztertzeko aukera emango du, familien eta profesionalen ekarpenak jasotzeko eta beharrezko egokitzapenak egiteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide