Aiaraldea Kultur Faktoriak gaur ekingo dio Sormen Egonaldia programaren edizio berriari. Lau sortzailek astebetez hartuko dute euskararen arnasgunea, euren proiektuan lan egiteko. Berez, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak 500 euroko dirulaguntza, ostatua (otorduak barne), bidelaguntza artistikoa eta ekoizpenean zein komunikazioan laguntza eskainiko die sortzaileei eta azaroaren 21ean Arteman Festan ere parte hartzeko aukera izango dute.
Lau gonbidatuak Itxaso Gardoki (gaurdanik irailaren 24ra bitarte), Nerea Lizarralde (hilaren 24tik urriaren 1era arte), Andrea Berbois (urriaren 5etik 10era arte) eta Jon Garrido Gallardo (azaroaren 5etik 12ra) izango dira.

Saio irekiak
Lizarraldek, Berboisek eta Garrido Gallardok saio irekiak egingo dituzte euren sorkuntza prozesuak plazaratzeko. Lehenengoak urriaren 1ean egingo du 19:00etan, bigarrenak hilabeteko bereko 10ean 12:00etan eta azkenak azaroaren 11n 19:00etan.
Edonola ere, aipatu beharra dago artistek partekatzen duten ezaugarri bakarra euskaraz egiten dutela dela. Adibidez, Nerea Lizarralde aktore eta sortzaile eszenikoak Sumendi proiektuan arituko da antzerkia, musika eta kea nahasteko.
Itxaso Gardoki psikologo ohiak, aldiz, ikerketa eraldatzailea, literatura garaikidea, saiakera politikoa eta performance autobiografikoaren emaitzak uztartuko ditu. Izan ere, Gardokik diziplina psikiatriko instituzionala baztertu zuen bestelako bideak urratzeko, sormenari eta diziplina anitzei lotuta.

Andrea Berbois musikariak, aldiz, zuzeneko kontzertu esperimentala egingo du. Efektuekin landutako biolina, teklatua, monologue sintetizadorea edota ahotsa baliatuko ditu, euskal melodiak eta elektronika uztartzeko.

Jon Garrido Gallardo antzezleak depresioa eta zaurgarritasuna abiapuntu bezala hartuko ditu, satira eta umorea kode bezala hartuta. Diziplina artistikoen bidez (dantza,mugimendua, abestiak, olerkiak, antzerkia...) fantasiazko mundu bat proposatuko du.
Deialdi irekiko bekak
Egonaldiak ez ezik, deialdi irekiko bekak ere antolatu dituzte. Ane Zapirain Gorostegi eta Oihane Marcos Gallegok jasoko dute aurten 1.000 euroko dirulaguntza bana.

Lehenengoak dantza garaikidera joko du lurzoruaren eta mugen arteko harremana ikertzeko. Oihane Marcos Gallego artziniegarra, aldiz, Marratik At egitasmoaren buru da eta euskara, historia eta identitatearen erradiografia egingo du, seriotasun ironiko-festibotik abiatuta.
