Aho beltza filma aurkeztu zuten Zinemaldian eta Uxue Derechok parte hartu zuen estreinaldian. Laudioarrarentzat hitzordu berezia izan da, bere ibilbidearen hastapenetan egon ez ezik, Donostiako jaialdiaren zalea ere izan delako txikitatik eta, neurri baten, "ametsa" izan dela adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari.
Gauzak horrela, izugarri gozatu zuen, euskal zinemaren lagun eta kide ugarirekin egin baitzuen topo, baina ez du ezkutatu poztasun hori bestelako emoziorekin ere nahastu zela.
Izan ere, bere lehen urratsak izaten ari dira hauek zazpigarren artea deiturikoan eta horrek "iruzurti sindromea" sentitzera eraman zuen.
Bere lana pantaila handian
Horregatik, zaila egin zitzaion bere antzezle lanaren lekuko izatea pantaila handian: "Oraindik ikasten ari naiz eta ez dut oso gogoko nire burua ikustea".
Zinemaldiak eskaini dion aukerarekin eskertuta badago ere, emozio berriak agertu ziren 'Aho beltza' filmaren estreinaldian, batzuk beldurrei lotuta.
Edonola ere, Itziar Manero lankide eta laguna izan zuen alboan, zeinak eskua estutu zion hasieratik eta babes handia izan zen proiekzio osoan.
Oso eskertuta
Sentsazioak sentsazio, Uxue Derecho oso eskertuta dago Zinemaldian izan duen aukerarekin eta uste du horrelako emozioekin moldatzeko ikasteko beta izan duela.
Derechok berak naturaltasunez hartu du zinema industriako hasiberria izatea eta jende asko ez ezagutzea, baita lotsa gainditu beharra ere.
Gainera, primeran baloratu du oso lagunduta egon zela egun osoan Aho beltza proiektuko antzezle taldearekin. Horrek egun polita bizi izana erraztu zuen.
Hurrengo geltokia: Valladolid
Zinemaldiko eskarmentua guztiz barneratu gabe, antzezlea irrikan dago hurrengo jaialdian parte hartzeko. Hain zuzen, Valladolideko Semincia izango da, urrian.