Omniaren udal taldeak Laudioko Udalak jarrera bateraturik ez lortzea kritikatu du, udalerritik igaroko den merkantzia-trafikoaren etorkizunari dagokionez. Taldearen arabera, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen (HTS) II. fasea martxan jartzeak eragin zuzena izango du C3 aldiriko trenbidean, eta merkantzia-trenen trafikoa handitzea ekarriko du. Horren ondorioz, “zarata eta bibrazioak handituko dira, ehunka familiaren bizi-kalitatean eta atsedenaldian eraginez”, Omniaren aburuz.
Gaiaren inguruko eztabaida iraileko azken bilkuran eman zen. EAJk mozio bat aurkeztu zuen, merkantzia-trenak C3 lineatik atera eta etorkizunean abiadura handiko trenbidea erabil dezaten eskatzeko. Jeltzaleek, neurri hori hartu ezean eskualdeko udalerrietatik igarotzen diren merkantzia-trenen kopurua 20tik 80ra igotzeko arriskua ekar zezakeela ohartarazi zuten.
“Zarata eta bibrazioak handituko dira, ehunka familiaren bizi-kalitatean eta atsedenaldian eraginez”
Akordioa EAJ, OMNIA eta PSE-EEren artean
Mozioak ez zuen talde politiko guztien babesa izan. EH Bildu aurka azaldu zen, eta Omniak bere proposamen alternatiboa aurkeztu zuen. Azken bilketaren negoziazioen ondoren, ordea, EAJk eta Omniak testu bateratua adostu zuten, PSE-EEren babesarekin.
Talde politiko guztien arteko akordioa lortzen saiatu direla azaldu du Omniak, eta egindako proposamen alternatiboa aurkeztu ondoren, EAJren eta PSE-EEren negoziazioetan parte hartzeko gonbidapena jaso zutela adierazi dute.
EAJ, OMNIA eta PSE-EEk lortutako akordioak, merkantzia-trenen gehikuntzak eragingo dituen zarata eta bibrazioak murrizteko neurriak obra amaitu aurretik planifikatu eta ebaluatzea jasotzen du.
Omniaren ustez, neurri horiek “oso garrantzitsuak” dira, merkantzia-trenek Laudiotik igarotzen jarraitu beharko duten bitartean herritarrei eragingo dizkieten eragozpenak ahalik eta gehien murrizteko. Taldeak azaldu duenez, egoera hori mantendu egingo da trafikoa etorkizunean "Euskal Y"-ra desbideratu arte.
Hala ere, OMNIAk "aukera galdutzat" jo du Laudioko Udalean gaiaren inguruan aho bateko jarrera lortu ez izana. Taldearen arabera, EH Bilduren jarrerak eta "Euskal Y"-aren zein abiadura handiko trenaren inguruan alderdiak duen desadostasunak eragotzi dute akordio zabalagoa lortzea.
Gauzak hala, eztabaida politikoen eta azpiegituren inguruko desadostasunen gainetik, Laudioko herritarren bizi-kalitatea lehenetsi behar dela azpimarratu du Omniak. Horregatik, “batasun instituzionala” defendatu dute, eta udaleko alderdi guztiek erakundeen aurrean “fronte komun” bat osatu beharko luketela gehitu.
Aurrera begira, alderdi laudioarrak hiru lehentasun nagusi ezarri ditu: neurri zuzentzaileak premiaz koordinatzea, merkantzia-trafikoa udalerriaren erdigunetik ateratzeko irtenbideak eskatzea eta tokiko politikan elkarrizketa, gardentasuna eta ekintza-batasuna sustatzea.