Urrats berriak eman ditu azken egunetan EAJk Hegoaldeko Trenbide Saihesbideko merkatziak C-3 lineatik ateratzeko helburuarekin. Mozioak aurkeztu ditu Amurrio zein Laudioko Udalbatzetan, eta bi tokietan onartu dira proposamenak, PSE-EEren eta, Laudioren kasuan, Omniaren adostasunarekin. Alderdi laudioarrak mozio propioa aurkeztu zuen asteleheneko plenoan baina, negoziatzeko tarte bat hartu ostean, testu bateratua adostu zuen jeltzaleekin.
Proposamen argia egin dute EAJko kideek: merkantzia trenek abiadura handiko trena baliatzea, “C-3 linea salgaien garraiorako korridore nagusi bihurtzea saihestuz”. Izan ere, EAJren aburuz, hori egingo ez balitz, 20tik 80ra igoko litzateke eskualdeko udalerrietatik igarotzen diren merkantzia trenen kopurua, horrek zaratan eta bizi kalitatean izango lukeen eraginarekin.
Proposamen argia egin dute EAJko kideek: merkantzia trenek abiadura handiko trena baliatzea, “C-3 linea salgaien garraiorako korridore nagusi bihurtzea saihestuz”.
EH Bildu aurka
EH Bildu, aldiz, aurka azaldu da mozioa aurkeztu den udal guztietan (Amurrio, Laudio, Urduña, Arrankudiaga-Zollo, Zaramatamo edota Ugao). Hori kritikatu dute jeltzaleek prentsara bidalitako oharren bidez, nabarmenduta euren proposamenak “arazoaren jatorrian” eragiten duela.
Laudioren kasuan, tren trafikoari aurre egiteko plan bat egitea eskatu dute Omniarekin adostutako mozioaren bidez, honako jarduera hauek barne hartuta: “zarataren eta bibrazioen aurkako jarduerak, hiri-iragazkortasuna hobetzea eta neurri zuzentzaileak gauzatzeko, finantzatzeko eta ebaluatzeko egutegi bat ezartzea, ADIFekin, administrazio autonomikoekin eta eragindako udalekin lankidetzan”
Dena den, jeltzaleek argudiatu dute "pantaila akustiko batek zarata murriztu” dezakeela, baina ez duela “trenen kopurua murrizten”. Horregatik defendatu dute "Euskal Y"a baliatzearen aukera, eta galdera zuzen bat egin diote EH Bilduri: “nondik nahi du EH Bilduk zirkulatzea?”.
Era berean, EAJko kideek nabarmendu dute euren asmoa ez dela, hegoaldeko trenbide-saihesbidearen aurka egitea, baina uste dute proiektu horren garapena “trenbide-estrategia integral baten zati gisa” planteatu behar dela. "Ez dugu nahi gure bizilagunek arazoarekin hobeto bizitzen ikas dezaten. Arazoa konpondu nahi dugu. Eta arazoa konpontzeak salgaiek gure herriak zeharkatu behar ez izatea esan nahi du", defendatu dute.
Hainbat jarduera egin ditu EAJk azken hilabeteetan Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen harira. Garraio Ministerioari premiazko bilera eskatu dio Urduñako Udalak maiatzean, gaia lantzeko. Uztailean, aldiz, Madrilera jo zuten Aiaraldeko ordezkari jeltzaleek, proiektuak eragin ahalko lituzkeen kalteen kontrako neurriak eskatzeko Espainiako Kongresuan. Horren ostean ekin zioten mozioak udaletan aurkezteari, EH Bildurekin desadostasunak azaleratuta.