Ander Larrinaga Saiz izango da EAJren Laudioko alkategaia

Txabi Alvarado Bañares

Ander Larrinaga Saiz izango da Laudioko alkategai jeltzalea. / EAJ

Herriko batzar jeltzaleak hartu du erabakia. Larrinagak bi legealdi daramatza zinegotzi gisa, eta Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako zuzendaria ere da egun. 

Ander Larrinaga Saiz izango da EAJren Laudioko alkategaia 2027ko maiatzeko udal hauteskundeetan. Hala erabaki du herriko batzar jeltzaleak, "alkatetza berreskuratzeko eta udalerriari etapa berri bat irekitzeko" asmoarekin. 

Larrinagak esperientzia oparoa du politika instituzionalean. Laudioko Udal Gobernuko zinegotzi eta alkateorde izan zen 2019tik 2023ra, eta "hiri-garapenarekin, antolaketa publikoarekin eta zerbitzu orokorrekin lotutako erantzukizunak" hartu zituen, bere alderdikideek nabarmendu dutenez.

Legealdi honetan Udalean jarraitu du EAJren ordezkari gisa, eta  hiru urte daramatza Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako zuzendari arduretan. 

Lan-esparruan, aldiz, sektore publikoaren eta pribatuaren arloko estrategia eta eragiketen aholkularitzan aritu izan da, eta horretara bideratuta egon dira egin dituen ikasketak ere, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta masterra egin zuen ESIC Business School-en Marketin eta Merkataritza Kudeaketako Zuzendaritzan.

Alkategaiak azaldu du "harrotasun, ilusio eta erantzukizun handiarekin" hartzen duela ardura. "Ohore bat da nire lankideen konfiantza izatea pauso hau emateko eta Laudioko Alkatetza berreskuratzeko. Apaltasunez eta lan egiteko gogo handiz hartzen dut erronka hau, nire esperientzia eta energia gure herriaren zerbitzura jartzeko", azaldu du politikariak.

Alkate moduan izango lituzkeen helburu nagusiak ere aipatu ditu Larrinagak: "Laudioarren bizi-kalitatea hobetzea eta Laudio garbiagoa, zainduagoa, modernoagoa, seguruagoa eta etorkizunera begira ilusioz betea eraikitzea".

Helburuak

Alkate moduan izango lituzkeen helburu nagusiak ere aipatu ditu Larrinagak: "Laudioarren bizi-kalitatea hobetzea eta Laudio garbiagoa, zainduagoa, modernoagoa, seguruagoa eta etorkizunera begira ilusioz betea eraikitzea".

Bide horretan, "proiektu zintzo bat" gidatu nahi duela aldarrikatu du, "Laudio berriro erreferente izan dadin eta gure herritarren benetako beharrei erantzuteko".

Horri lotuta, "industria berreskuratzearen eta gazteentzako bizi-aukerak sortzearen" garrantzia ere nabarmendu du hautagai jeltzaleak: "Laudiok kultura, kirola eta bizitza kalean gainezka egitea nahi dut. Gure kultura- eta aisialdi-elkarteekin, gure kirol-klubekin, merkatariekin, ostalariekin eta familia guztiekin batera egin behar dugu".

"Entzuteko eta eraikitzeko prozesua"

Bere proiektua "hurbiltasunetik eta entzutetik" garatuko duela adierazi du Larrinagak: "Asko dugu hobetzeko, baina harro egoteko asko ere badugu. Laudio erreferente bat da industriagatik, auzoengatik, gizarte-konpromisoagatik eta udal-bizitzan sartzen den elkarte-sare sendoagatik. Potentzial hori guztia aprobetxatu behar dugu eta Udala motorra izatea lortu behar dugu, eta ez galga bat".

Horretarako,  "Laudioko auzo eta sektoreen proposamenak eta beharrak" jasotzeari ekingo diote jeltzaleek datozen hilabeteetan. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide